Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Ekitaldiz betetako Abenduko Kultur Egunak ate joka dituzte Igantzin

Euskara batzordeak egitarau zabala prestatu du abenduaren 6tik 10era arte

Aitor Arotzena - Martes, 5 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Jesus Mari Sein da ortziralean emanen den ‘Azken saskia’-ren protagonista.

Jesus Mari Sein da ortziralean emanen den ‘Azken saskia’-ren protagonista.

Galería Noticia

  • Jesus Mari Sein da ortziralean emanen den ‘Azken saskia’-ren protagonista.

igantzi- Euskara Batzordeak antolatutako Abenduko Kultur egunekin hasteko, asteazken arratsaldean motibazio tailer bat eginen da. Ba-tzordearen aspaldiko kezka da Igantzin euskara lehen baino gutiago erabiltzen dela, herritar ia guziek euskaraz jakinda ere egoera anitzetan ez dutela erabiltzen. Kezka hori herritar gehiagorekin konpartitzeko helburuarekin, tailer hau antolatu dute. Tailerra UEMAko teknikariek gidatuko dute, eta Baratzondon eginen da, 16.00etatik 18.00 arte. Interesa duen guziak parte hartzen ahal du, baina komeni da aitzinetik batzordeko norbaiti abisatzea.

Ortzegun arratsaldeko 7etan, Eskolzarren, Bide eginez. Nafarroako Ikastolak 1969tik 1991 arte. Igantziko Ikastola solasaldia eskainiko du Juan Luis Larrazak. Larrazak oraintxe argitaratu du Bidea eginez liburua, eta bertan kontatzen du Nafarroako ikastolen lehen 22 urteetako ibilbidea. Akaso igantziar aunitzek ahantzia izanen dute, baina bertan ikastola izan zen, 1991. urtean sare publikoan sartu zen arte. Ikastola ttiki haren nondik norakoak oroitaraziko ditu Larrazak.

Gaueko 10etan, berriz, Mugaldekoak taldearen kontzertua izanen da, Baratzondon. Talde beratarrak bere azken diskoa, Galdemoduen trilogia, aurkeztuko du.

Saskiari omen Ortzirale eguerdian kantu poteoa izanen da Mitxelena aita-semeekin, herriko elkarte eta ostatuetan.

Arratsaldea, berriz, saskiari omen egiteko izanen da. Badira hamabortz urte herriak omenaldi bikaina egin ziela herriko saskigileei eta, orokorrean, saskigintzaren lanbideari. Garai hartan oraindik zenbait saskigile lanean ari ziren, baina gaur egun Igantzin dagoeneko inor ez da lan horretan ari. Horregatik, batzordeak berriz saskigintzarekin lotutako zenbait ekitaldi antolatu ditu, denak Baratzondon.

Arratsalde guzian saskia egiteko tresnen erakusketa izanen da, eta duela hamabortz urte egindako argazkiak ere ikusgai izanen dira. 4.00etan haurrentzako saskigintza tailerra izanen da. Jesusmari Garberekoa arituko zaie saskia nola egin irakasten.

Ondotik. 18.00etan, Azken saskia dokumental laburra eskainiko da. Oier Fuentesen dokumental honek Euskal Herrian, Espainian, African, Errusian nahiz Quebec-en egindako festibaletan parte hartu du, eta hainbat sari jaso ditu. Hamar minutuko dokumental honetan, Jesusmari Sein agertuko zaigu, gaztainarekin saskiak lehengo eran egiten zituen azken nafarra. Ikus-entzunezko honetan bere ofizioa eta bizitzaren errepaso bat egiten da, eta bere azken saskia egiten ikusten da, ogibide honen desagerpenaren arrazoien inguruko hausnarketa bultzatuz.

Eguna goxo akautzeko, Biltokin opil jatea izanen da, 18.30etik aitzinera.

Larunbat arratsaldeko 4etan hasita eta eskolan bertan, haurrentzako perkusio tailerra izanen da, Zo-zongó taldearekin, eta ondotik batukada emanaldia eginen dute herrian barrena. Nola ez, akabailan haurrentzako berendua ere izanen da. 21.00etan, helduentzako antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek Putinen guardasola antzezlana eskainiko dute.

Kultur egunei akabaila emateko, igandean 12.00etatik aitzinera herriko dantza taldearen emanaldia izanen da, herrian barrena.

Herramientas de Contenido