Hizkuntza prestakuntza saioa emanen dute begiraleendako

Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hezitzaile, entrenatzaile eta begiraleei zuzendua

Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

doneztebe- Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak begiraleendako hizkuntza prestakuntza ikastaroak antolatu ditu. Horietako bat Donezteben izanen da, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hezitzaile, begirale eta entrenatzaileendako eskainia, abenduaren 28an eta 29an. Ikastaroa Dindaia Fundazioak emanen du Begiraleak eragile: Euskarazko sozializazioa sustatzeko ikastaroa goiburupean. Baztango Udalaren, Malerrekako Mankomunitatearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntza izanen du bederatzi orduko ikastaroak.

Izen-ematea Interesa dutenek Baztan (948 58 00 06/ euskara@baztan.eus), Malerreka (948 45 17 46/euskarazerbitzua@malerreka.infolocal.org) edo Bortzirietako (948 63 41 25/euskara@bortziriak.eus) euskara zerbitzuetan eman behar dute izena. Horretarako epea abenduaren 21ean bukatuko da eta plazak izena emateko hurrenkeran beteko dira. Guttienez 10-12 lagunek eman behar dute izena ikastaroa egin dadin eta gehienez 25 onartuko dira saioetan.

Parte-hartzaileei Nafarroako Gobernuak argitaratu duen gida banatuko zaie eta ikastaroan parte hartzen duten guztiek agiria jasoko dute.

Abenduaren 28an, ortzegunean, 11:00etatik 14:00etara eta abenduaren 29an, ortziralean, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era eskainiko dute Doneztebeko Herrigunean (Santa Luzia plaza).

Edukiak Edukiei dagokienez, Hezitzaileendako Nafarroako Gobernuak argitaratutako Gidaren aurkezpena eginen dute. Nafarroako euskararen egoera eta oinarri soziolinguistikoak ageri dira bertan. Aisialdiko jardueretan euskara sustatzeko estrategiak eta teknikak landuko dituzte eta euskara sustatzeko baliabideak eta ondorioak aztertuko dituzte. - Aitor Arotzena

Últimas Noticias Multimedia