Santa Luzia feria prest igandean Donezteben

Zilarrezko Titarea emateko ekitaldia, berriz, asteazkenean eginen dute

Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

DONEZTEBE- Joan den urtean bezala, Doneztebeko Udalak antolatu du aurtengo Santa Luzia feria. Igande goizez, 10.00etatik 14.00etara eskualdeko hainbat eskulangilek ikusgai eta salgai paratuko dituzte euren lanak Santa Luzia plazan.

Feria honetan Doneztebeko Erreka Guraso Elkartekoek elkartasun ekimen bat ere eginen dute, ANA Nafarroako Autismoaren Elkartearen aldekoa, hain zuzen. Horretarako, jostailu bilketa antolatu dute eta bildutako jostailu horiek feria egunean salduko dituzte. Horrez gain, Udalak kale animazioa ere paratuko du eta herrian barna gaiteroak ibiliko dira.

Arratsaldean, 18.00etan, Iñaki Perurenaren Harria Maitasun historia emanaldia ikusi eta entzuteko aukera izanen da Herrigunean (Herriko Ostatuan). Sarrera doan izanen da.

Aurten ere, Udalak jostun lanetan aritutako pertsona bat omenduko du. Zilarrezko Titarea asteazkenean emanen diote, Mezan. - A.A.A.