Kuadrillen Eguna ospatuko dute Orioko San Nikolasetan

3x3 saskibaloi txapelketa, herri bazkaria eta dardo txapelketa izango dira gaur, besteak beste

Viernes, 8 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Orio- San Nikolas jaiak ari dira ospatzen egunotan Orion eta gaur Kuadrillen Egunean murgilduko dira oriotarrak. Egitarau zabala izango da gaurkoan eta goiz hasiko da eguna, 6.00etan hain zuzen ere, gaupaseroen argazkiarekin.

Bestalde, 3x3 saskibaloi txapelketak hartuko du Karela kiroldegia goiz eta arratsaldean. Hala, 9.00etan LH3tik LH6ra bitarteko haurrek hartu ahal izango dute parte, eta 15.00etan, berriz, DBH1etik gorako ikasleak. Tarte horretan, 12.00etan trikipoteoa izango da eta 12.30ean DJ Porruek emanaldia eskainiko du plazan haurrentzat. Horretaz gain, 14.00etan herri bazkaria egingo da pilotalekuan. Udalak sagardoa eta ura jarriko ditu eta kuadrilla bakoitzak eraman beharko du bere bazkaria.

Arratsaldeko egitaraua 17.00etan hasiko da, Pelloeta Nikolasa eta buruhandi eta txistulariekin. Udaletik zehaztu dutenez, erraldoi eta buruhandien ibilbidea Kultur Etxean abiatuko da, Sarasua aurrean Arrantzale kalea hartuko dute, ondoren Ikastola aurreko plaza joateko, eta hortik herriko plazara abiatuko dira. Etxean buruhandiak dituzten ume eta helduak kalejiran parte hartzera gonbidatu ditu Udalak.

Ordu berean, dardo txapelketa jokatuko da Estropalari kalean. 19.00etatik aurrera, berriz, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, Bikamiotan hasita. Eta behin gauean sartuta, Gari eta Iñaki trikitilariek alaituko dute gaua plazan, 23.00etatik aurrera, eta 00.00etan Zopilotes Txiarriaos taldearen txanda izango da, gero 1.00etan berriro ere Gari eta Iñaki trikitilariei protagonismoa uzteko. - A.R.