Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Autoritarioen auto-engainua?

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 10 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

ez zen frankismoa izan gehiengo isila kontzeptua asmatu zuena, bazegoen aldez aurretik, baina frankismoaren mantra bat izan zen bere azkeneko hamar urteetan, hala etengabeko protesta eta greben aurrean Estatu eremuan nola Europako bertze hiriburuetako manifestazioen aurrean: erranguratsuak mobilizazio haiek, masiboak ere bai maiz, baina, jakina, ez zuen parte hartzen biztanleria osoak eta, are, ezta haren gehiengoak ere. Ba, gehiengo pasibo horretaz jabetu nahi zuen diktadurak gehiengo isila nozioaren bidez: Estatuko gehiengoa frankista zelakoan, gehiengo isila Francorekin zegoelakoan. Hain mantra errepikatua, non agintari frankistak ere horrekin sinestera heldu baitziren, Fraga lekuko. Franco hil ondoren, Suarezek UCD fundatu zuenean frankista erreformistak bildu eta hauteskunde sistemarako antolatzeko asmoz, Fragak bere alderdia sortu zuen, AP, gero gaurko PP bihurtuko zena, diktaduraren nostalgikoenekin, guztiz sinetsirik bere alde agertuko zela gehiengo isila, behin eta berriz errepikatuz bere mantra, behin eta berriz porrot egiten bere asmoan. Ez diktadoreek, ez diktaduren zaleek ezin dute aitortu, ezta konturatu ere bistan dena, gehiengo isilakontzeptuagehiengo isilarazia nozioaren eufemismo auto-engainagarria denik.

Auto-engainu horretan eroriko zen gero, urteak joan urteak etorri, Fragaren ikasle kutuna, Aznar alegia, Irakeko gerran bere kabuz eta inolako kontsultarik gabe Espainia sartu zuenean: erabaki haren aurkako protesta masiboen aurrean, gehiengo isilaren mantra berreskuratu zuen berriro ere.

Ezin ikasi deus ere esperientzia haietatik PP alderdi Francozaleak, eta, erabaki puntual larrien eta masiboki arbuiatuenetan ez ezik, hauteskundeen emaitzei ere aplikatu ohi die ditxosozko kontzeptua: abstentzioa, altuago edo baxuagoa, berdin du, bere aldeko gehiengo isilaren islatzat jotzen du, abstentzioaz ere jabetu nahi du. Halako tik bat, kontrolaezin eta errepikakorra, autoritarismo zaleen aurpegietan.

Kataluniako procésdeiturikoan ere ikusten ari garena. 2015eko hauteskundeetan subiranistek gehiengo absolutua lortu arren, puntu batengatik lortu ez zutenez boto emaileen % 50, katalanen gehiengo handia, hots, subiranistei ez emaniko botoak gehi abstentzioa bera, anti-subiranistak, espainiar zaleak direlakoan daude 155. artikuluaz baliatu direnak. Etengabe errepikatzen dute katalanen gehiengo itzelak procésa arbuiatzen duela: ‘gehiengo isila’ nozioa zeharka biziberritua. Eta ez zeharka, zuzen-zuzenean baizik, subiranistek lortu dituzten mobilizazio itzelen aurrean eta hain sistematiko eta gogorki oztopatu eta erreprimituriko U-1eko erreferendumaren aurrean. Baina honek jartzen du begi-bistan ezin argiago ‘gehiengo isila’, gehienbat, gehiengo isilarazia dela. Eta ez dago batere garbi datozen hauteskundeetan, 155. artikuluaren ezarleek hain era autoritarioan bideraturiko horietan, frogatu ahal izanen dutengehiengo isila ez denik, ostera ere, euren auto-engainua:gehiengo isila beti prest bere boza isilarazleei emateko?

Herramientas de Contenido