Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Nerea Mujika | GEREDIAGA ELKARTEKO LEHENDAKARIA

“Azoka benetan bizirik ikusi dut aurten, jendea asko eta oso inplikatua egon da”

Ateak itxi baino ordu batzuk lehenago, Nerea Mujikak aurtengo Azokak izandako arrakastaren inguruko ausnarketa bat eskeini zigun atzokoan

Oier Pérez - Lunes, 11 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Nerea Mujika

Nerea Mujika

Galería Noticia

  • Nerea Mujika

durango- 2003an izendatu zuten Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakari, eta aurten 2021 urtera arte hautatua izan da berriro. Gauzak ondo egiten ari denaren seinale argia hau. Azokako itxiera egunean, analisia egin beharra.

Azokako azken eguna ailegatuta, balorazioa egiteko ordua.

-Egia esan, oraindik datuak eskuan izan gabe, pertzepzioa oso ona izan da. Ez bakarrik Gerediagako lehendakari bezala, balorazio bikaina egiten dut orokorrean. Azoka bizi-bizirik ikusi dut, jendea asko inplikatu da eta sormenaren lurralde den honetan, sortzaile mota desberdinak ikusteko aukera izan dugu.

Datuak begiratuta, aurten, aurreko urtean baino jende gehiago somatu da.

“Urtero bezala, aurten ere asko saldu da, eta argitaletxeetako jendea oso pozik doa etxera”

-Jende asko eta gainera jende oso inplikatua. Alde batetik, nabarmendu nahi nuke publikoak izan duen jarrera. Ez dira buelta bat ematera etorri, badakite nora datozen eta asko inplikatu dira, ekimen desberdinetan parte hartuz adibidez. Bestetik, ekarpen ekonomiko handia ekarri du. Urtero bezala, aurten ere asko saldu da, eta argitaletxe edo disketxeetako jendea oso pozik doa etxera.

Herri mailan, zein nolako garrantzia dauka zure aburuz Azokak Durangon?

-Itzela. Bost egun hauetan Durangoko kaleak jendez josita ikusi ditugu, eta horrek giro ederra ematen dio herriari. Gainera, ostalaritzarentzako oso onuragarria da, izan ere, publikoak Azoka bisitatu ostean, eguna hemendik pasatzeko aprobetxatzen du;bazkaltzeko, poteatzeko eta abar. Baina herri mailan baino, Durangalde osorako onura dakar estaldura honetako ekimenak, adibidez, Elorrion, Iurretan, Izurtzan...

Urtero bezala, aurten ere oso ugariak izan dira programako berritasunak.

-Aurten bereziki esango nuke. Hasteko, eta niretzat garrantzitsuenetakoa, Sormen Bekaren kontua izan da. Ia ezezagunak diren sor-tzaileek laguntza txiki bat lortzeko aukera daukate. Kalitate handiko taldeak eta idazleak etorri dira, eta niri ezagutzen ez nuen zerbait asko gustatzea gertatu zait aurten. Koordinazio taldea eta Gerediaga elkartea oso oso pozik gaude arlo horri dagokionez, izan ere, onuragarria da guretzako ere. Aniztasun eta gauza berriak ekartzeak, jendea gehiago animatzea ekarri du, eta gune gehienak gainezka egon dira, ordaindu beharreko ekitaldietan ere, esate baterako Joseba Sarrionandiaren dokumentalaren emanaldian edo kontzertuetan.

“Inklusioaren kontuan, bide luze bateko lehengo pausuak ematen hasi gara edizio honetan”

Inklusibitate gaiaren harira, zer nolako harrera izan du iniziatiba berri honek?

-Guretzat, bide handi baten hasieran dagoen urrats bat izan da, oso urrats garrantzitsua. Honekin aurrera jarraitzeko intentzioa daukagu. Orain dela askotik datorren gai bat da eta beharrezkoa zen zerbait bezala ikusten genuen. Gaitasun desberdineko pertsonak ere kontuan hartu behar dira Azoka prestatzeko momentuan, eta haiei ere kultura hurbiltzen saiatu behar gara. Bestalde, guri, ganorazko diagnostiko bat egiteko aukera ematen digu. Antolatu ditugun bisita gidatuekin, pertsona talde honen azalean jarri ahal izan gara, eta aspektu honetan hobetzeko ditugun gauzak hobeto ikusteko.

Diagnostiko hori burututa, orain pausu gehiago emateko momentua heldu al da?

-Ezer egin aurretik eta diagnostikoa eskuetan izanda, hausnarketa sakon bat egin behar dugu. Bertatik ateratako ondorioen arabera, pausu gehiago emanez joango gara. Kapazidade desberdinak dituzten pertsonen iritziak ere kontuan izango ditugu, eta ziurenik lan taldeak baten bat izango dugu.

Arrakasta handia egon den arren, hobetzeko zerbait ikusi duzu?

“Durangoko Azoka Gerediaga elkartearen izaerarekin guztiz bat datorren gauza bat da”

-Ez daukat ezkutatzeko ezer, baina benetan asko kostatzen zai gai konkretu bat aipatzea. Beti daude hobetzeko gauzak, baina bat esan behar banuke, adibidez, Szenatoki eta Irudienea guneak indartzea esango nuke, izan ere, Landako Gunetik urruti daude.

Berrikuntza ugarien artean, mikroantzerkien eta ikastaro desberdinen presentzia aurkitu izan dezakete Azokara hurbildutako bisitariek. Hauekin aurrera jarraitzeko intentziorik ba al dago?

-Bai, noski. Hartzaileekin hartu-eman erlazioa asko indartzen dute ikastaroek, eta gainera, antzerkiaren alorrean indar asko sartu dugu, izan ere, gaur egun arrakasta handia izaten ari den formatu bat da. Mikroantzerkiak gure maratoietarako formatu benetan egokia dira eta gainera euskarazko antzerki aniztasuna areagotzen jarraitzen du.

Amaitzeko, eta gaia Gerediaga elkartean zentratuz, ia hamabost urte daramatzazu lehendakari bezala eta aurten beste lau bete-tzeko hautatua izan zara.

-Bai, urte asko dira jada. Oso pozik nago. Taldea zoragarria da, eta oso modu profesionalean egiten dugu denok lan. Nire ustez, horrelako elkarteek garrantzia handia daukate kulturaren sustapen eta hedapenean. Nahiz eta enpresa baten an-tzerako egitura daukagun, gauzak modu desberdinean ikusten ditugu. Durangoko Azoka gure identitatearekin guztiz bat datorren gauza bat da, eta bertan parte hartzeak pozten gaitu.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia