la carta del día

Bide eman euskarari: Berdintasunaren alde

Por Paul Bilbao Sarria - Martes, 12 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Gaitz orok du zeinek bere gaitzago esaldia entzun nion behin lagun bati Nafarroako Gobernuak duela bi urte eta erdira arte garatzen zuen hizkuntza-politikaz, hain zuzen ere, denborak aurrera egin ahala, imajina ezinezko urrats berriak egiten baitzituen euskaldunak are gehiago zokoratzeko. Gainera, neurri horiek hartzea ahalbidetzen zion corpus juridikoa bazuen, Euskararen Legea. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Lege horrek ahalbidetzen zituela orduko politikak.

Ikusi genuen, bai, euskara administrazio publikoetako eraikinetatik, bide-seinaleetatik, inprimakietatik, irudi korporatibotik... desagerrarazten. Ikusi genuen, bai, Nafarroan berezkoak edo ofizialak ez diren hizkuntzen ezagutza berezko hizkuntza, euskararena baino gehiago baloratzen lan-deialdietan. Eta, ikusi genuen, bai, lan-deialdietan hautagai euskaldunak zigortzen. Bi modutara ikusi genuen zigor hori. Batetik, administrazio nagusian euskarazko lanpostua hartua zuten langileei barne-lehiaketetan euskarazko derrigortasunik ez zuten lanpostuetara lekualda-tzeko aukera ukatuz, eta, bestetik, hezkuntzan, zerrenda bikoitzaren sistema erabiliz. Ondorioz, hautagaiek elebidunak izan arren, zerrenda batean edo bestean eman behar zuten izena hizkuntzaren arabera, azterketak egun eta ordu berean egiten zituztelako.

Aldaketaren Gobernua etorri eta hezkuntzan gertatzen zen bidegabekeriaren aurrean erabaki bat hartu zuen. Horrela, azterketak egun eta ordu berean baino, bi egun desberdinetan egingo zirela adierazi zuen orduko Hezkuntza Kontseilariak. Halere, orduan adierazi genuen bide horrek ez zuela balio UPNk euskaldunak zigortzeko asmatutako bi zerrenden sistemarekin amaitzeko. Izan ere, hautagai elebidunari birritan eskatuko zi-tzaion diziplinari lotutako gaitasunak egiaztatzea, alegia, azterketak eta abarrekoak birritan egitea. Hortaz, orduko Kontseilariak sistema aldatu arren, UPNk hasitako bidegabekeriak bere horretan jarraitzen zuen.

Hori horrela, duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak aurreratu zuen sistema diskriminatzailea ez zuela berriz ere erabiliko lan-deialdietan. Orduan, bai, txalotu egin genuen erabakia, bai eta Gobernua zoriondu ere, erabaki hori badelako bereizkeriarekin amaitzeko aldaketa. Askotan aldarrikatu dugun hizki larriz idatzitako aldaketari lo-tzen zitzaion aipatu erabakia.

Argi izan behar dugu hizkuntza-politikan egiten den edozein aldaketak deserosotasunak sortuko dizkiela konfort-egoeran izan direnei. Kontua da botere publikoen funtzioa ez dela inoren konfort-egoera betikotzea. Aitzitik, botere publikoek herritarrak berdintasunez hartzea dute helburu nagusi. Euskararen alde egotea hiztunen aldeko erabakiak hartzea da, eta erabaki horiek eraginak dituzte. Ezin pentsa dezakegu hiztunon berdintasunerako politikak euskararen alde egotearekin bakarrik egin daitezkeenik. Beste edozein eskubide bermatzeko politikekin bezalaxe, orain arte hegemonian egon den kolektibo horretan aldaketak eragingo dira. Zergatik, orduan, kohesio sozialaren edota justiziaren alde daudela diotenek ikusten dute hori hain argi beste eremu batzuetan, eta hizkuntzaren eremuan, aldiz, behin eta berriro harrotzen dituzte hautsak?

Oraindik ez dut entzun zerrenda bikoitzak herritarren berdintasuna bermatzen duela justifika-tzen duen argudio sendorik. Are gehiago, azken egunotan argudio berriak ari dira sortzen, besteak beste, zerrenda bikoitzaren bidez langile elebidunei aukerak bikoiztuko zaizkiela lan-deialdietan. Faborez! Dena delako erabakia hartzerik badute alderdiek, baina herritarrak engainatu gabe. Izan ere, orduan, zergatik daude horren kontra hezkuntzako gehiengo sindikala edota hautagai elebidun kaltetuak? Benetan sinestarazi nahi al digute bi zerrenden sistemak elebidunei aukera gehiago emango diela? Berriz ere diot oraindik ez dudala entzun zerrenda bikoitzak berdintasuna bermatzen duela justifikatzen duen argudio sendorik.

Aurreko urteko ekainean Bide eman euskarari lelopean manifestazioa antolatu zuen Kontseiluak eta milaka herritarrek oihukatutako aldarria gogoratu nahiko nuke: Barkos bultza, hemen duzu laguntza. Etorri da UPNk euskaldunak zigortzeko sistemari amaiera emateko bultzada, eta abenduaren 16an Iruñeko autobus geltokitik abiatuko den manifestazioarekin erakutsiko dugu laguntza.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusia