Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Mugatik

Trikimailuz, debekuz eta gezurrez

Por Aingeru Epaltza - Martes, 12 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Ederki aspertu izan gara elebakartasunaren inguruko eztabaidetan. Ez du hain aspaldi: oraintsu arte aldarrikatu izan da hemen erdararik gabeko Euskal Herria, euskararen salbabide. Alde horretatik ere ikasi behar izan da praktikoki zer mesede guti egiten diguten teorian balio lezaketen gauzek. 2017ko Euskal Herrian, erdaldunen gainetik ezartzen gaitu elebidun -hirueledun, laueledun- izateak, eta horrek on egiten dio hizkuntzaren iraupenari. Euskaltzale batzuk baino lehenago ohartu ziren erdaltzaleak. Horrexetara jotzen zuen UPNren hizkuntza politikak: euskarak ez zion euskaldunari saririk ekarri behar, ezta gaztelaniak ere. Trikimailuz, debekuz eta gezurrez harilkatu zuen sarea, euskaldun elebidunak inoiz gainik har ez ziezaion erdaldun elebakarrari. Bi zerrenden sistema dugu adibiderik argiena. Erdaldunek euskarazko lanposturik eskuratzerik ez dutenez, egin dezagun modua euskaldunek ez eskuratzeko erdarazko lanposturik. “Justiziaren” eta “berdintasunaren” izenean eutsi zaio, hainbat urtez, bazterkeriari. Hitz potoloek zer beldurra sorrarazten duten. Nafarroako Gobernu berriak bi zerrenden alde egin zuen hasieran, nahiz eta azterketa egun desberdinetan ezarri, euskaldunei bietara aurkezteko aukera emanez. Zerrenda bakarrera lerratu da, azkenean, eta horrek gobernu-ituna kolokan jarri ia. Gai honetan ere, CCOOen itzal luzeak oposizioaren aldera makurrarazi du Izquierda-Ezkerra, euskaldunen eskubideak defendatu beharrean. Mahai gainean dago PSNren lege proposamen bat, bi zerrendak betikotu nahi dituena. Aldiz, zerrenda bakarraren alde karrikaratuko dira Irakaskuntzako hiru sindikatu nagusiak eta Kontseiluaren inguruko euskalgintza. Gobernuaren erabaki bat mobilizazioen bidez babestea zer den probatuko dute lehen aldiz, heldu den larunbaterako deitu duten manifestazioan. Hori ere, aldaketa.

Herramientas de Contenido