Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Artistak plazaz plaza

A. Zabaleta - 2017(e)ko abenduaren 12a, asteartea - 09:17etan eguneratua

Xenpelar - Txirrita

Galería Noticia

  • Xenpelar - Txirrita

Donostia. Gaur egun BEC-a betetzen dute bertsolariek. Garai batean, plazak bakarrik. Baina plaza horiek handi bihurtu zituzten bertsolaritzaren historian hainbat eta hainbat inprobisatzaile, eta haien oinordeko dira gaur egun hitzekin jolasean jarraitzen duten artistak. Haiek ekarri zuten ahozko literatura gaur egunera arte eta, harekin batera, haien gizartearen testigantza ere bai.

Pasaiako plazan genioz betetako zezena izan zela kontatu zigun, adibidez, Xenpelarrek, eta gutxi dira haren hitzak buruz ez dakizkiten umeak. XIX. mendeko gailurtzat hartzen dute askok eta gazte hil bazen ere (34 urte besterik ez zituela), hark botatako hainbat lerro iritsi dira guregana.

Errenterian jaio zen Frantzisko Petrirena Rekondo 1835.ean, Oiartzungo mugan, eta Senperelarre baserriarengatik dator Xenpelar goitizena. Bat-bateko bertso gehienen berririk ez dugu, baina Iparragirre musikariari eskainitakoen arrastoren bat heldu zaigu, urretxuar komediantearen eskolaren aurrean, bertsolarien plaza aldarrikatuz: "Ni ez nauzu ibiltzen kantuz dirua biltzen komediante moduan".

Plazagizona zen, baita ere, Jose Manuel Lujanbio, Txirrita hernaniarra, baina bizitza luzeagoa izan zuen eta XIX. eta XX. mendeen arteko bertsolaritzaren zubi lanak egin zituen. Mutilzaharra, tabernazalea, eskolarik gabea, satirikoa, zirikatzailea Baina mingain zorrotza eta azkarra zuen eta harengana jotzen zuten askok bertsoak jartzeko eskatuz. Aldatzen ari zen gizarte batean arduratzen zuten gai sozialak eta politikoak ere landu zituen. 75 urte zituela Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketan parte hartu zuen eta bigarren egin zuen, Basarriren atzetik. Hurrengo urtean, dena den, txapela jantzi zuen, hil baina hilabete gutxi ba-tzuk lehenago.

Txirrita goitizena Altzako (Donostia, han eman baitzituen azken urteak) kale batek aldarrikatzen du egun. Abizena, berriz, BEC-eko finalean izango da berriro, bere iloba bakarrari esker.

Herramientas de Contenido