Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Azken kontzertua izanen da Igantziko Abesbatzarentzat

Larunbatean 20.00etan eskainiko du elizan Eguberrietako emanaldia

Aitor Arotzena | Oskar Txoperena - Martes, 12 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Igantziko Abesbatza, duela zazpi urteko Eguberrietako kontzertuan.

Igantziko Abesbatza, duela zazpi urteko Eguberrietako kontzertuan. (OSKAR TXOPERENA)

Galería Noticia

  • Igantziko Abesbatza, duela zazpi urteko Eguberrietako kontzertuan.

IGANTZI- Aurtengo Eguberrietako kontzertua azkenekoa izanen da Igantziko Abesbatzarentzat. Behin-behinekoa da erabakia edo behin-betikoa? Denborak erranen du.

1989ko irailaren 20an hartu zuen Isabel Lacar lesakarrak abesbatzaren lekukoa, Juan Bautista Irazoki erretorea Leitzara joan zenean. Ordura arte elizako kantuak abesten zituen korala izan zen eta orduz geroztik, Igantziko Abesbatzan maiztasun handiagoz elkartu (astean behin entseatuz) eta errepertorio zabalagoa lantzera ekin zioten. Honela, herriko meza ospakizun nagusietan kantatatzetik kontzertuak ematera pasatu ziren, bai herrian bertan, baita herritik kanpo ere. Bertze herrietako abesbatzekin ere harremanak landu ditu eta zenbait topaketetan parte hartu du han eta hemen. Horren erakusgarri, bai 2009an eta 2014an, 20. eta 25. urteurreneko ospakizunetarako prestatu zituen urte osoko egitarau zabalak, maila handiko talde koralen parte-hartzearekin.

28 urte joan dira, beraz, Lacar Igantzin lanean hasi zenetik. Orain, alde batera eta bertzera ezin ailegatuz (Igantzikoaz aparte, bertze zenbait abesbatza zuzentzen baititu Bidasoaren bi aldeetan), bertako abesbatzarekin daukan harremana gelditzea erabaki du. Udaberrian emana zion abesbatzako partaideei bere asmoaren berri eta momentua ailegatu da. Hortaz, abenduaren 16ko emanaldia berezia izanen da, dudarik gabe. Egun horretarako noizbait abesbatzan kantatzen aritu diren lagun guziak gonbidatuak ditu abesbatzak, kontzertu hondarrean denak elkarrekin kanta bat jendeari eskaintzeko asmoarekin. Aitzinetik, meza kantatuko du Abesbatzak eta dozena bat kanta kontzertuan.

Erran bezala, abenduaren 16an, larunbat ilunabarreko 8.30ean izanen da ekitaldia eta herri guzia gonbidatua dago, kontuak aldatzen ez badira, abesbatzaren azken emanaldia izan daitekeen honetara.

Herramientas de Contenido