Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Jaun-andreak, zirkua iritsi da!

Hiru eta bost urte bitarteko ikasleei eskainitako eskolaz kanpoko ekintza berriak irribarrez bete du ikastola.

Testua eta argazkiak Lizarrako Ikastola - Jueves, 14 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Inklusioa eta talde lana errezagoa da irribarre baten laguntzaz, Puy Osések irakatsi zigun bezala.

Inklusioa eta talde lana errezagoa da irribarre baten laguntzaz, Puy Osések irakatsi zigun bezala. (LIZARRAKO IKASTOLA)

Galería Noticia

Inklusioa eta talde lana errezagoa da irribarre baten laguntzaz, Puy Osések irakatsi zigun bezala.Zinta zapala zeharkatzen lagunek lagunduta.

Urrunean norbait entzuten da deika. Abestuz dator, eta buruan duen txano metalikoa kolpatuz haurren arreta deitzen hasi da. Bere ahots gozoak berotasuna ematen du, eta entzun orduko jarraika ditu umeak, bata bestearen atzean. Kantu eta keinuen laguntzaz materiala eskuratzen hasiak dira: uztaiak, baloiak, pilotak, zangoak, zinta zapala, sudur gorriak… Listo! Zirkua iritsi da!

Abentura berri honen gidaritzan Puy Osés lizartarra dugu. Eskarmentu handia du zirku munduan, izan ere, 16 urte baino gehiago aritu izan da munduan barrena karpa baten azpian hamaika paper ezberdin betez: akrobata, pailazo, malabarista, mago… Gainera, ipuin kontalari lana maisuki betetzen du, eta txotxongiloekin ere istorio paregabeak sortzeko trebetasun bikaina du.

Haurra zenetik erakarri izan du antzerkigintza eta zirkuaren munduak eta, orain, gogo eta ilusio horiek gure ikastolako haurrak jaso-tzen ari dira eguerdiro ikasturte honetan abiatu den eskolaz kanpoko ekintza berri honen bitartez.

Ekintzaren ardatza jolasa eta ekimen ludikoa izanik, hezkuntzan baliagarriak diren hainbat konpetentzia lantzen dira zirkuaren bidez. Integrazioa eta talde sena indartzea ezinbestekoa dute zirkuan aritzen diren ikasleek. Adin eta behar ezberdinetako neska-mutilek bat egiten dute, elkarri eskua luzatuz, proposatzen diren ariketak egin ahal izateko.

Gorputza lantzeko ere aukera ikaragarriak ematen ditu zirkuak. Adinerako egokiak diren psikomotrizitate lanketak egiteaz gain, oreka mantentzeko jolasak tartekatzen dira maiz. Hau gutxi balitz, ez dugu ahaztu behar, zirkuan ikusten ditugun ikuskizunak egin ahal izateko gorputzaren kontrola maila altuan izan behar dugula;bai fisikoki, mentalki zein emozionalki. Eta, jakina, honek bat egiten du, paraleloan, ikasleen hezkuntza prozesuarekin.

Zirkuan ez dago aspertzeko astirik. Egun batetik bestera eman daitezkeen ariketak ugariak dira, hortaz, sorpresa hartu eta harritzeko aukera izaten dute gure zirku ikasle koskorrek. Batzuetan malabareak egiten dituzte baloi eta pilotak erabiliz, beste batzuetan zangoen gainean ibiltzen dira, bestetan zinta zapalaren gainean oreka manten-tzen ikasten dute eta, egunen batean, baloi erraldoi baten gainean egoteko aukera ere izango dute…

Sudur gorrien eta uztai jolasen artean, hizkuntza lantzeko parada izaten dute tarteka-marteka pailazo eta malabarista ikasle txikiek. Euskal Herrian ez da zirkua horrenbeste landu eta, hortaz, gabezia ikusten dute bertako pertsonaiak izendatzerako orduan. Hau konpondu ahal izateko, zirkuko euskal pertsonaiak sortzen ari dira denen artean eta, konturatu orduko, bilduma ederra lortu dute.

Musika, pailazoak, kantak, laguntasuna, euskara, gorputzaren ezagutza eta lanketa, magia, jaurtiketak, irribarreak… Nola ez, ba? Jarrai dezala ikuskizunak!