Bertsolari hasiberriak finalari begira

donostiako bertso eskolako kideek bertsolari txapelketako final handia aztertu dute eta faboritoak faborito, ezustekoren bat eta saio polita espero dituzte iganderako

Arantzazu Zabaletaren erreportajea - 2017(e)ko abenduaren 15a, ostirala - 06:12etan eguneratua

Irudietan, duela lau urte BECen jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusia, zeinean Amets Arzallusek jantzi baitzuen txapela. Argazkiak: David de Haro

Irudietan, duela lau urte BECen jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusia, zeinean Amets Arzallusek jantzi baitzuen txapela. Argazkiak: David de Haro

Galería Noticia

Irudietan, duela lau urte BECen jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusia, zeinean Amets Arzallusek jantzi baitzuen txapela. Argazkiak: David de Haro

Jesus Mari, Aitor, Eneko, Begoña, Marixabel, Andoni eta Tomas astero biltzen dira Donostiako bertso eskolan Manex Mujika bertsolariarekin. Helduak dira, ez gaztetxoak, eta bertsotan egiten ikasteko joaten dira asteroko hitzordura, baina egun hauetan txapelketako saioak ere aztertu dituzte. Igandeko egun handiaren aurretik (gehienak BECen izango dira) finalista guztien aukerak aztertu dituzte NOTICIAS DE GIPUZKOArekin, baita txapelketaren orain arteko nondik norakoak ere.

“Sustraik barruan duen benetako artista ateratzen badu... Mendiluzek distiratzea lortzen badu...”, aipatutako sorpresa eman dezaketela uste du Jesus Marik. Begoñak, bizkaitarra, bizkaitarraren alde egin du eta Elortza fin dabilela erakutsi duela uste du. “Freskoago iritsiko da eta hori ona da “, iritzi dio Tomasek, eta “nolabait Iturriagaren itzala” gainditu duela uste du Jesus Marik.

Maialen Lujanbio zuzenean ikusi zuen Andonik Irunen eta faboritoa dela garbi utzi zuela bat egiten dute denek. Arzallus zuzenean pasako da finalera, kanporaketa saioetan aritu gabe, eta zalantza puntu bat egon daiteke bere forma momentuari dagokionean. “Amets ondo iritsiko da, hori seguru”, bota du Mujikak zalantza izpirik gabe. “Dagoeneko irabazi duenak badaki irabazten eta hori alde dute Lujanbiok eta Arzallusek”, gaineratu du Jesus Marik. Txapela lortu izanak konfiantza ematen diela eta presiopean ondo erantzungo dutela uste du: “Krakek tentsiopean onena ematen badakite”.

Taula gainera igoko diren zortziak “teknikoki perfektuak” direla uste dute eta, beraz, diferentzia edukian eta batez ere jendearekin konektatzea lortzean dagoela uste dute, bertsoak, ezer baino lehen, komunikazioa baitira.

Baina txapelketan, 14.000 pertsona aurrez aurre izanda, haiei begira baino epaileei begira kantatzen dutela uste dute. “Plazan jendeari begiratzen diote, finalean txapela lortu nahi dute”, gaineratu du Mujikak. Horregatik, agian, duela lau urteko finala “aspergarria” egin zitzaion Begoñari eta bertsolariek harekin behintzat ez zutela guztiz konektatzea lortu esan zuen: “Aurten, berriz, gehiago gustatzen ari zaizkit proposatzen ari diren gaiak eta bertsoak”.

epaileakEpaileen lanari buruz ere egin dute gogoeta eta haiengan bertsolari batzuen izenak edo ospeak ere eragina daukala susmoa dute. “Bertsoa zeinek botatzen duen, horren arabera desberdin puntuatzen dute”, uste dute Jesus Marik eta Marixabelek, nahi gabe bada ere. Jakin badakite, hala ere, irizpide batzuk jarraitzen dituztela eta zazpi epaile direla bertsolarien lanari nota jarriko diotenak, “objektibotasuna” bilatu nahian. “Uste dut Andoni Egañari entzun niola behin bertsoa neurtzea ezinezkoa dela”, aipatu du Tomasek. Haien lana zaila dela bat datoz denak.

Eta lan horretan aurten umoreari balio handiagoa ematen ari zaizkiola bai epaileak eta baita bertsolariak ere aipatu du Mujikak. Jakinda zineman bezala bertsotan ere errazagoa dela drama egitea eta malkoak ateratzea barre algarak lortzea baino, bertsolariak umorearen alde egiten ari diren lana azpimarratu du. Eta orokortasunetik, nolabait zehaztasunera jotzen ari direla ere uste du, “detaile txiki batekin asko esateko”. Hori zailagoa da, baina jendearengana iristeko eraginkorragoa ere bai, eta finalean egongo den belaunaldiaren meritua dela uste du.

belaunaldi berriaIgandean taula gainean egongo diren zortzi finalistetatik zazpi (Unai Agirre izan ezik) 2013an egon ziren jada BECen. Gaztelumendi eta Sarriegirentzat bigarren finala izango da, baina beste bostak hiru, lau eta bost aldiz ere egondakoak dira finalean eta datorren txapelketari begira batzuk alde batera egin eta belaunaldi berriak haien lekukoa hartuko duela uste dute. Gaztelumendi izan daiteke belaunaldi berri horretako ikur baina, jada finalean egonda ere, txapela janzteko oraindik puntu bat falta zaiola uste dute. 2021ean BECen ikusten dituzte, haren ondoan, Miren Amuriza edo Oihana Iguaran, besteak beste.

Bagera elkartearen egoitzako bilera bukatuta, BECen egingo dute topo Donostiako bertso eskolako kide gehienek igandean. Kulturaren alorrean, talde handien kontzertuak kenduta agian, jende gehien biltzen duen ekitaldia bihurtu da finala. “Militantzia ere badago hor, euskal nortasunaren nolabaiteko erreafirmazioa bilatzen da”, uste du Enekok, eta horrek eramaten dituela asko Barakaldora gaineratu du, ez bakarrik bertsozaletasunak.

Finala izateaz gain, festa egun bat da askorentzat BECeko saioa. Eta tentsioa, epaileen zorroztasuna, lehiakortasuna eta presioa izan arren, bertso onekin gozatzeko aukera ere bai. Final polita espero dute: “Ea sorpresarik dagoen...”.

bertso eskola

Helduak bertsotan. Bertso eskolak haurrentzat bakarrik ez, helduentzat ere badira. Ez dute goi mailako bertsolari bihurtzeko ametsik, BECera iristeko ametsik, baina bertsotan egiten ikasi nahi dute: “Ez gatoz bertsolaritzari buruz ikastera, bertsotan aritzen ikastera baizik”. Donostian, Bagera elkartearen egoitzan biltzen dira asteazkenero Jesus Mari, Aitor, Eneko, Begoña, Marixabel, Andoni eta Tomas. Taldea anitza da: bi emakume, sei gizonezko;gaztetxoak ba-tzuk, helduagoak besteak. Eta guztiak pozik paperak alde batera utzi eta bertsotan ikasteko lana batez ere ahoz egiten ari direlako eta praktikaren bitartez, aurrera egiten ari direla nabaritzen dutelako: Jesus Marik semeari zortziko txiki bat bota zion aurrekoan, Marixabelek koplak osatu zituen etxean lanean ari zen bitartean, Begoñak Metro Bilbaoko lehiaketa bat irabazi du... “Bertsolariek plazan egiten duten horrek miresmena sortzen digulako ikasi nahi dugu”, laburtu du Marixabelek.