Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Outfitaren kondena

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 17 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Pasa den zubian gizon bat hil zuten Zaragozan, eta bertsio ofizialari kasu eginez gero, Espainiako bandera zuten tirante batzuk eramateagatik akabatu zuten haren biziarekin. Zaragoza bezalako hiri batean, bururatzen zaizkit hainbat elementu hau baino arriskutsuagoak soinean eramateko, baina badirudi janzkera izan zela pertsona baten bizia eteteko nahikoa arrazoi. Sinpleegia agian kontatu diguten istorioa. Zergatik ezin dut joan nahi dudan bezala jantzita? galdetzen zidan aurrekoan ezagun batek. Noski ahal duzula, baina horrek ekar litzakeen ondorioei ere aurre egiteko prest egon behar duzu. Kamiseta gorrien festan berdez jantzita doanak, aguantatu beharko ditu bai, pare bat edo beste loretxo. Ez nahastu, ez dut ulertzera eman nahi norberak erabakitako atorra gainean eramateagatik edonork edozer esateko eskubidea duenik, ezta gutxiagorik ere, baina jantzita daramazunak identifikatuko zaitu, zure irudi bat emango du, hori ziur eta horren kontzientzia denok dugula uste dut. Asko aritzen gara hizkeraren, diskurtsoaren edota erregistroaren egokitasunaren gainean, batez ere ahozko komunikazioan, baina hitz egiteko moduak gure irudi bat edo beste ematen duen moduan, janzkerak ere eragiten du, baten batek ahozkoa ez den komunikazioa deituko lioke honi. Teleberriko aurkezleak gorbata darama, eta Conquistadorrekoak negurako txamarra ederra, ez ditugu haien egunerokoan ezagutzen, baina behin jantzita, badakigu zein doan zertara.. Bata oso elegante eta bestea etxean bezaladoaz, bat formal eta bestea casual. Herri honetan casual askotan mendizal bihurtzen dugu gainera. Libre gara nahi edo ahal dugun eran janzteko eta eranzteko, noski, baina honek pistak ematen dizkio ikusleari. Denoi gertatuko zitzaigun noizbait munduan zehar genbiltzala, parean bikote bat ikusi eta barrurako: hoiek euskaldunak dira, fijo! pentsatzea. Zergatik gertatzen da hori? gu ez garelako beste haiek diren bezalakoak, baina bagara garen modukoak, eta honek besteen aurrean identifikatzen gaitu. Gizartearen ehuneko ia ehunak estandar batzuen araberako itxura dugu, bai alde batera, edo bai bestera. Ezin zaie apenas alde egin aurrez ezarritako estereotipoei. Dagoeneko sandaliak galtzerdiekin erabiltzeak ez du meritorik, ezer gutxi geratzen da asmatzeko, eta are gutxiago modetatik ihes egiteko. Sinisten ez didatenek, arropa elementu erabat materiala delako, kondenatzen gaituena, gure gorputz-estetika baldintzatzen duelako, eta oso libre direlako janzteko moduan, orijinalak eta modarik jarraitzen ez duten horiekoak, hauei ariketa bat proposatuko nieke. Begira dezatela adibidez bertso finaleko outfit-etara, horrela esaten baitzaio orain janzkerari, ea zenbat teleberriko aurkezle topa ditzakeen bertan, eta zenbat Conquistadorrekoak.