Erripan gora

Abenduko errituak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 17 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Aspaldi idatzia da hiri honetako bizimodua urtean bi aldiz lasterragotzen dela, eta jendea ohi baino presatuagoa eta nerbiostuagoa dabilela, mandatu guztiak ahalik eta agudoen egin nahian;bata Sanfermin bezperetan, eta bertzea, Eguberriak hasi ai-tzineko egunetan. Bada, bete-betean gabiltza aldi horietako batean, laneko edo enpresa bazkariz eta afariz inguraturik, autoak nonahi izugarri pilaturik, urtaroari dagokion eguraldia lagun, hau da, abendu giro nabarmenarekin, euria goian behean, elurra harresietatik begi-bistan, eta Arga harro bezain uher. Bitartean, bart gauez, ibaitik hurbil, hurbilegi, abenduko erritu bat, hots, milaka gaztetxo eta gazte, estu-estu, dantzan eta zurrutean, hilerri arteko zelaian, alimaleko karpa batean aterpeturik, Burlata eta Atarrabia arteko mugan berean. Zer gerta ere, Hatortxu festa erraldoiaren antolatzaile bikainek adin erdiko zaintzaile bizkor andana jartzen dute bazterrak begiratzeko, karpa barneko festazaleen artean inork ere izan ez dezan erreka aldera hurbiltzeko tentazioa, dela maskuria hustera, dela bertzelako premiak asetzera. Bizkitartean, inguruetan, ordu txikietan, guraso berantetsi eta logaletuen auto ilara ikaragarriak, bihotzeko seme-alabatxoak noiz eta nola etorriko zain. Aitama haietako aunitz, hain segur, bertze behin ere eskean ibiliko ziren karrikaz karrika atzo larunbatez (zoritxarrez oraindik ere berritu behar den errituan), ibilbide klasikoko manifestazioan, hau da, garai batean bezala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, berdintasunaren alde, bi zerrenda egitea jende euskalduna baztertzearen aldeko neurri nabarmena baita, eta hara, berdintasuna buru-belarri aldarrikatzen duen Izquierda-Ezkerraren botoei esker aterako da bazterkeria aurrera. Gauza jakina baita berdintasuna jende guztiarentzat aldarrikatzen dela, euskaldunentzat izan ezik.