Maialen Lujanbio, nekatuta baina gustura

Irabazitako txapela lan gogor baten emaitza dela irizten dio aurtengo Bertsolari txapelketa nagusiko garaileak, eta finala maila oso onekoa izan dela baieztatu du

Dabi Piedra - Lunes, 18 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

“Plaza izugarria da, jendea bero egon da”, eskertu du Lujanbiok, txapela jantzi osteko prentsaurrekoan.

“Plaza izugarria da, jendea bero egon da”, eskertu du Lujanbiok, txapela jantzi osteko prentsaurrekoan. (Oskar González)

Galería Noticia

“Plaza izugarria da, jendea bero egon da”, eskertu du Lujanbiok, txapela jantzi osteko prentsaurrekoan.Euskal politika eta kulturaren hainbat ordezkari.

Barakaldo- Txapelketako finalaren ondorengo agerraldian, neke aurpegiarekin agertu ziren zortzi bertsolariak, goiz eta arratsaldeko saio luzearen tentsioak eraginda. Hala ere, denak bat etorri ziren final ederra izan zela aipatzeko orduan. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere bat zetorren: “Asko gozatu dugu bertsozaleok, maila bikaina egon da eta nik azpimarratuko nuke denek utzi digutela lan aipagarriren bat”. Maialen Lujanbio txapeldunaren arabera, “saioa oso-osorik maila onekoa joan da, jendea lehertu egin da ariketa batean bai, hurrengoan ere bai”.

Jendearen erantzuna ere eskertu zuten bertsolariek: “Plaza izugarria da, jendea bero egon da”, azpimarratu zuen Lujanbiok. Mendiluze bigarren sailkatuak gaineratu zuenez, “publikoa inoiz baino gozoago egon da, txukun eta arretatsu”. Zortzi finalisten arteko “giro ederra” ere nabarmendu zuen andoaindarrak, “gurean zentratzeko baldintza guztiak izan ditugu”.

Gaurtik aurrera txapelaz disfrutatzeko aukera izango duela adierazi zuen Lujanbiok, atzo nekatuegi baitzegoen gehiegi ospatzeko. “Eguna gozatu dut, noski, eta pozik nago, baina neurrian;gu lanera etorri gara, despisterik txikienean irrist egiteko arriskua dago eta”, azaldu zuen irabazleak. “Honelako plaza berezi batean, ateraldi bakoitzean zure onena eman nahi izaten duzu”.

Txapelak “emozioa eta poztasuna” ekarri dizkiola ere esan zuen Lujanbiok. “Nekatuta nago, baina betetasun batetik ikusten dut guztia, lan gogor baten emaitza da hau”.

Publikoaren babesaBestetik, Aitor Mendiluzek adierazi zuen “oso mimatuta” sentitu zela, publikoaren babesagatik eta bertsolarien arteko giroagatik. Sustrai Colinak, bere aldetik, “sentsazio aski gozoa” zuela azaldu zuen eta, nagusiki, bi poz handi zituela: Batetik, 2013ko edizioko finalean eman ez zuen maila erakutsi zuelako atzo, “orain dela lau urte, finalean egon ez nin-tzela sentitu nuen”. Bestetik, “Igor Elortza handiarekin txapelketako azken ofizioa egin zuena izango naiz ni” zuen bigarren poza, durangarrak erretiroa hartuko duela gogoan.

Hain zuzen ere, “gozatu baino sufritu” egin zuela adierazi zuen Elortzak, baina, hala ere, “plazerra” izan zela finalean kantatzea. Amets Arzallus ere ez zen bete-betean aritu, saioaren ondoren onartu zuenez: “Sentsazio gazi-gozoa dut, ariketa batzuetan ez naiz iritsi neure buruari eskatzen diodan horretara”. Inguruko kantulagun eta giroagatik, aldiz, “sentsazio ona” duela aipatu zuen 2013ko txapeldunak.

Aitor Sarriegik esan zuen barrutik “gorabeheratsu” sumatu zuela bere burua. Beñat Gaztelumendik ere hobetzeko tartea duela esan zuen, atzoko zazpigarren postua ikusita: “Ez da nire egunik onena izan, baina gaztea naiz, badut ikasteko denbora, pozik nago”. Gainera, Lujanbioren bigarren txapelaren finalean kantatu izana “ohorea” da añorgarrarentzat. Unai Agirrek adierazi zuen postuari ez ziola garrantzirik ematen, “poz izugarria da zazpi hauen ondoan kantatzea”. BECen lehenengoz kantatu zuen hernaniarrak, “plaza hau bizi izan ez duenak ez daki zer den hau, hasieran arraro sentitu naiz, baina laster ohitu naiz”. Hernaniko bertso eskolan kide dituen bi lagun buruz burukoan ikusteak ere poztu zuen Agirre.

Datozen belaunaldiakIgor Elor-tzak, bukatzeko, azaldu zuen “garbi” ikusi zuela hauxe zela txapelketa uzteko unea. “Beste belaunaldi batzuk datoz atzetik, eta agur esaten ere jakin behar da”, durangarraren ustez. Hartara, bere erabakiaren atzean “arrazoi pertsonalak eta kolektiboak” daudela aipatu zuen. Aitor Sarriegik aspaldi esana zuen aurtengoa zuela azkena, 22 urtean txapelketaz txapelketa aritu eta gero. BECen bizi izandakoari balioa eman zion: “Bukaerako argazki hori ez dut nire bizitzan ahaztuko”. Lehia “zapore gozoz” uztea lortu zuen beasaindarrak. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak ere azken txapelketa izan du hau, kargua utziko baitu.

Últimas Noticias Multimedia