Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Laparra lehendakariordeak Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Sariak eman ditu

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea (ADEMNA) saritu dira beren lanagatik

Lunes, 18 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 18:16h

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak "Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen X. Sariak" eman ditu gaur Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan.

Aurtengoan, "Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Arreta" kategorian, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea saritu da, eta "Banakako arreta-planen kudeaketa-metodologia" kategoriako saria Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari (ADEMNA) eman zaio. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak helburu honekin antolatzen ditu Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Sariak: kalitatea hobetzea eta Nafarroako gizarte-zerbitzuetako erakundeek erabiltzaileen arretari eta langileen enpleguaren kalitateari eta/edo erakundeen kudeaketa hobetzeari dagokienez egiten dituzten jardunbide egokiak saritzea.

Sari hori "Tomás y Lydia Recari García" fundazioarekin lankidetzan ematen da. Sariak emateko ekitaldian, Miguel Laparra lehendakariordeak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den erakundeen artean lankidetzan jarraitzea: "inoiz baino balio handiagoa daukate erakundeen arteko lankidetzak edo sinergiek, gizarteko pertsona eta kolektibo zaurgarrienen egoerarekin konprometituta dagoen gizarte sentikor bat aktiboki eraikitzen jarraitzeko".

Horrez gain, Laparrak eskerrak eman dizkio Recari fundazioari, eta, bereziki, Miguel Echarriri "eskuzabalki parte hartzeagatik". Sarituak Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak "Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Arreta" modalitateko saria jaso du, MEC proiektuan egindako lan onagatik. Proiektu horren helburua da desgaitasuna dutenei lehenengo aukera ematea zenbait lan-trebezia eta -gaitasunetan lan egiteko, etorkizunean errazago aurkitu dezaten lana;gainera, haien garapena eta autonomia ere garatzen dira. Horretarako, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak erakunde publiko eta pribatuen arteko sare bat sortu du, kolektibo horrentzako lan-eskaintzak sustatzeko. Mankomunitateari saria ematean, kontseilariorde Miguel Laparrak nabarmendu du zenbaterainoko autonomia eta gaitasuna duten toki-erakundeek Nafarroako Gobernuko Esparru Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroa aberasteko eta osatzeko baliabideak sustatzeko.

Mankomunitatearen izenean, proiektu sarituaren arduradun Jokin Apezetxeak jaso du saria, eta programari MEC izena ematen dion pertsona aurkeztu du, María Eugenia Campo, desgaitasuna duen gazte baten ama. Hark bere semearentzat udako lan bat aurkitzea lortu du proiektu horri esker, non erakunde publikoek eta pribatuek hartu baitute parte. María Eugenia Campok eskerrak eman dizkie Mankomunitateko teknikariei, Aspace eta Caixabank erakundeei eta bere herriko bizilagunei "egunero ematen diguten laguntzagatik".

"Langileen enpleguaren kalitatea eta erakundeen kudeaketa hobetzea" modalitateko saria Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari (ADEMNA) eman zaio, "Banakako Arreta Planen kudeaketa-metodologia" jardunbide egokiagatik. ADEMNAk SCRUM kudeaketa-metodologiara egokitu ditu Banakako Arreta Planak (BAP);sistema hori sektore industrialean erabiltzen da, eta, sistema bisualen bidez, programak garatzeko plangintza eta bizkortasuna optimizatzen ditu. Sistema hori aplikatzeari esker, hobetu egin da talde-ikuspegia, berrikuspenak areagotu egin dira, ezohiko BAPak egin dira aldaketa-egoeretan, helburuak denbora gutxiagoan bete dira, eta erabiltzaileek gehiago hartu dute parte. ADEMNAko lehendakariorde Mª del Mar Sánchezek eskerrak eman ditu sariagatik eta elkartean gaixoei arreta ematen dieten profesionalen lanagatik, egunero egiten baitute borroka ahalik eta bizi-baldintza onenei eusteko.