Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

2018rako kultur bonoa gaurtik aurrera eskuratu ahalko da Azpeitian

Prezioa 60 eurokoa da baina langabetuek, jubilatuek eta Gazte Txartela dutenek 30 eurotan erosi ahalko dute

2017(e)ko abenduaren 19a, asteartea - 06:11etan eguneratua

azpeitia- Azpeitiarrek Kulturaz Kooperatibak Udalarekin elkarlanean seigarren urtez jarraian kaleratzen duen 2018rako kultur bonoa eskuratu ahalko dute gaurtik aurrera Sanagustin kulturgunean.

Bonoaren prezioa 60 eurokoa da baina langabetuek, jubilatuek eta Gazte Txartela duten herritarrek 30 eurotan erosi ahalko dute, hau da “%50eko deskontuarekin”.

Kultur bonoa eskuratzen duten herritarrek hainbat abantailaz disfrutatu ahalko dute datorren urtean. Izan ere, bonoarekin “Sanagustin kulturguneko zortzi kontzertu eta umeentzako ikuskizunak” doanik ikusteko aukera izango da. Gainera, ikuskizun eszenikoen emanaldietarako eta Soreasu antzokiko ekitaldietarako sarrerak prezio erdian erosi ahalko dira.

nobedadea 2018rako kaleratutako kultur bonoek berrikuntza nabarmen bat ere edukiko dute. Izan ere, txartelek kode bat eramango dute eta horri esker jabeek une oro izan ahalko dute bonoaren erabileraren berri. Horretarako www.kulturaz.eus web gunean sartu beharko dute kodea. Era berean, web gune horretako agenda atalean “bonoa erabili ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute, bono jabeentzako jakingarri gisa”, azaldu du Kulturaz Kooperatibako kidea den Kepa Urbietak.

Aurreko urteotan bezala, 2018rako kultur bonoaren kopurua “mugatua” izango da. Horregatik, ekimenaren bultzatzaileek herritarrak “ahalik eta lasterren” eskuratzea gomendatzen dute.

Esan bezala, bonoa gaurtik aurrera erosi ahalko da Sanagustin kulturgunean, “agortu arte”. - J.Leon

Herramientas de Contenido