Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Arrosak eta arantzak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 24 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Duela ehun bat urte sortu zen Labriteko aldapa luzea, mendeetako harresia bota ondoren. Harresi sendo eta handi hura etxeetatik hurbil-hurbil eraikia zegoen, Estafetatik egungo Labrit pilotalekuraino. Frontoiaren pareko harresi tarteari Labriten bastioia erraten zaio ofizialki, errege Joan Labritekoak ate hartatik ihes egin omen zuelako konkistatzaileak iristeko zorian zeudela. Gaur egun, Labrit hitza toki-izen bihurtua da, eta horregatik, euskaraz Labriteko bastioia ateratzen zaigu, Labriteko aldapa erraten dugun bezala. Egunero, milaka auto joan-etorrian, gora eta behera. Iruñeko leku gutxitan hemen adina ibilgailu motordun. Ordu aunitzetan, billabesak ere mukuru. Aldapa txirrindulaz igotzea eta jaistea, arras arriskutsua, sufrikario hutsa. Ez du deus konpondu orain dela urte batzuetako bidegorriak. Hura bai lardaskeria;aise egin zuen aurreko alkateak bidegorria, espaloi meharrean marra zuriak margotuta;kito. Hura bai laster-lan ikaragarria, eta laster-lana kaka-lana izaten da. Egia erran, ez du konponbide erraza, eta poliki bezain sakon pentsatu eta hausnartu beharko da nola eman bidea txirrindulei, Txantrea, Arantzadi eta erreka aldetik Alde Zaharreraino segurtasunez igotzeko. Baten batek, ordea, lasterbidea hartu nahi izan du, bidegorria aitzakia hartuta. Baina bidea galdu egin du erabat, eta gainera, bidea galarazteko zorian jarri ditu bidelagunak, bertze behin ere dena sasituta eta bidelagunen zola arantzaz beteta. Eta ez da arantza oinpean izatea baino gauza mingarriagorik. Aranzadik arrosaren antza zuen hasieran, azalez eta mamiz bertzelako udal politika aldarrikatuta. Asmo handi eta ederrak, zalantzarik gabe, baina ikusitakoak ikusita, arantzaz beteriko sasiak hazi dira maiz haren egiteko maneran. Eta badirudi bidelagunak nekatzen hasi direla arantzak behin eta berriz zapaldu behar izateaz.

Herramientas de Contenido