Klarinete Maratoiaren balorazio positiboa

Zumaiako jaialdi honetan parte-hartzea azpimarratu dute eta zumaiarren harrera ere oso ona izan da

Martes, 26 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Zumaia- Abenduaren 13tik 17ra egindako Klarinete Maratoiaren balorazio “guztiz positiboa” egin dute antolatzaileek eta oso gustura agertu dira Sapere Aude Sinfoniettako kideak.

“Jardunaldi desberdinak izan dira eta parte-hartzea ona izan da, aurtengo 16. edizio berezi honetan 70 lagunek baino gehiagok izena eman dute ikasle gisa eta honi gehitu behar zaio, musika bandako kideak, erakusketarako etorri ziren musika etxeetako profesionalak eta hainbat musika eskola zein kontserbatorietako irakasleak. Hala, 100 lagunen bueltan ibili dira bost egun hauetan klarinetearen aitzakian”, azaldu dute antolatzaileek. Ikasleen jatorriari dagokionez, zumaiarrez gain, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri dira: Donostia, Zarautz, Villodas, Mutriku, Irun, Gasteiz, Urretxu, Azpeitia, Aretxabaleta eta Legazpi, besteak beste.

Publikoari eskainitako ekitaldietan ere jendearen harrera ona izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta bitxikeria moduan honakoa aipatu dute: “kanpotar ugari inguratu dira eta guztiek eskerrak eman dituzte honako ekintzak aurrera eramateagatik”.

Azkenik, aipatu dute azken urteotan laukote lehiaketaren kontzertuak indarra hartu duela. Hamabi laukotek eman zuten izena lehiaketan eta adinaren arabera banatutako hiru mailetan hartu zuten parte. Hala, 8 eta 12 urte bitarteko irabazleek Zumaiako ludotekan eskainiko dute kontzertua, 13 eta 16 urte bitartekoek Zumaiako gaztetxolan, eta 17 eta 20 urte bitarteko saridunek, berriz, 2018ko Zumaiako Musika Jaialdiari irekiera emango dion kontzertua eskainiko dute. - A.R.