Josean Bengoetxea aktorea

“Iraultza txiki baten aitzindari garela esango nuke: euskal zinema errespetuz begiratzen dute Estatuan eta Europan”

Mundakan gauez eta euripean grabazioak utzi eta etxera etorri da Bengoetxea (Donostia, 1964), turroia jatera. Egun batzuk libre dauzka, baina azken urteotan lan eta lan dabil.

Arantzazu Zabaleta - Miércoles, 27 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Josean Bengoetxea.

Josean Bengoetxea. (Iker Azurmendi)

Galería Noticia

Josean Bengoetxea.

Donostia- Azken hilabeteotan leku askotan ikusi zaitugu: ‘Errementari’, ‘Oro’ eta ‘Fe de etarras’ pelikuletan, ‘La Zona’ telesailan...

-Bai, leku askotan ikusi nauzue, eta familiak ez nau ikusten! Gustura nabil, lan dezente egiten ari naiz, azken bi urteotan ia gelditu gabe, zinean eta antzerkian batez ere. Telebistan La Zonan parte hartu dut eta orain apirilera arte Presunto Culpablegrabatzen ari gara A3 Mediarako: Mundakan eta Bermeo inguruan kanpoko eszenak eta gero Madrilera joango gara barrualdekoak egitera.

Gauza desberdinak dira oso, formatuari dagokionez eta baita ba-tzuk etxean eta besteak Madrilen ekoiztutakoak direlako.

-Batzuetan oreka galtzen dut, estreinatutakoak zeintzuk diren, egiten ari naizenak... Azaroan hiru pelikuletan hartu dut parte: bat Euskal Herrian, Koldo Almandozena;Madrilen, Jefe komedian;eta Bar-tzelonan beste bat. Gauza diferenteak, leku desberdinetan. Antzerkiarekin ere uztartu izan dut, Madrilen eta hemen. Lan egiteko garaian ez, baina agendak kuadratzeko zaila izaten da, egun berean bi tokitan ezin egon. Baina oso pozik nago lanean ari naizelako eta nire hizkuntzan ere lan egin dezakedalako, nahiz eta Madrilen bizi azken zortzi urteotan.

Posible al da honetatik bizitzea euskal aktore batentzat?

-Bai, posible da, baina aktoreen %80 langabezian dago eta emakumeen errealitatea oraindik bortitzagoa da. Lanean arituta ere hilabete bukaerara iristeko arazoak dauzkate askok, eta hori ezin da ahaztu. Nik zorte handia izan dut eta daukat. Merkatua nahiko desorekatua dago. Baina lana egon badago, Euskal Herrian ere bai: zinean gauza dezente egiten ari dira eta kriston kalitatea daukate osotasunean: alor teknikoan, artistikoan, gidoilariei dagokienez, musikariei... Lantalde izugarria dago.

Hemen bakarrik lan eginda zailago al da? Madrilera joan beharra al dago?

-Diru apur bat ematen dizuna telebista da. Kanpora irten beharra dago. Zorionez, aukera hori daukagu beste hizkuntzak dauzkagulako eta aukeratu dezakegu beste esparru eta tokitan aritzea. Baina erabaki pertsonala da. Nire kasuan horrek aberastu egiten nau, jende berriarekin lan egiteak, herritar moduan eta aktore moduan. Nik ez dizkiot mugak jartzen nire lan esparruari. Mexikon eta Frantzian lan egin dut eta esperientzia aberatsenetakoak izan dira. Ez da irten beharra daukagula, baizik eta irten nahi dugula proiektu onak daudenean.

Formaturen bat duzu gustukuen?

-Antzerkia da esparru bereziena, momentuan gertatzen den zerbait delako, eta arrisku bat dauka horrek. Dena bota behar duzu taula gainean, dena hauskorra da eta ez dago atzera bueltarik. Horrek morbo izugarria pizten du. Beste fenomeno bat da. Horrez gain, formatua baino, proiektuak dira gustatzen zaizkidanak gehiago edo gutxiago, lantaldeak... Proiektuak erakartzen banau horra noa, edozein formatua dela. Berriro diot zortea izan dudala, proiektu politetan aritu naiz, maite ditudan zuzendariekin, maite dudan jendearekin eta gidoi onekin.

Paper kuttunen bat al daukazu?

-Bere garaian suposatu zuenarengatik Ander pelikularekin badaukat horrelako erlazio berezia. Bidegurutzea izan zen niretzat: argi neukan hau izango zela nire lanbidea, baina profesioari buelta bat ematen lagundu zidan. Pertsonaia ere oso potentea zen. Gainera, Berlinen egon ginen, sari bat jaso zuen... Bisibilidadea izan zuen. Hortik aurrera beste paper kuttunak ere izan ditut.

‘Loreak’ pelikularekin Hollywoodera joateko aukera izan zenuten. Anekdota moduan ikusten duzu orain edo berriz gauzatu daitekeen ametsaren moduan?

-Posible da errepikatzea, noski. Datorren urtean Handia joango da Oscarretara, zergatik ez? Loreakena oso anekdota polita bezala ikusten dut. Fantasiazko mundu bat bezala. Askotan horrela hartu izan ditut festibalak. Loreak pelikula Siberian aurkeztea tokatu zitzaidan, bakar-bakarrik, festibal batean. Zer egingo nuen nik han, ez banintz egongo laino batean bezala, zeruan bezala, Beñat pertsonaia bera bezala? Pertsonaia bat izango banintz bezala hartu nuen. Zinemaldian urte batean lau pelikulekin ere egon nin-tzen eta egunero neukan zerbait. Atzetik datorren olatu horretan egon beharra daukazu, baina zerikusi gutxi dauka eguneroko benetako lanarekin.

Hemengo zinemagintzak aldaketa nabarmena izan du azken urteotan. Zer dela eta?

-Fruituak jasotzen ari gara orain, baina hau askoz atzeragotik dator. Nik parte hartu ditudan lanak aipa-tzeagatik, Telmo Esnalen Urte berri on amona, Garaño eta Goenagaren 80 egunean... Horiek eta beste ba-tzuek bidea ireki dute. Eta zuzendari horiek guztiak Kimuak ekimenetik datoz. 20 urte betetzen dira sortu zenetik eta laguntza ederra egin dio euskal zinemari. Badago sare moduko bat azpitik eta jende oso kualifikatuta dago, bai teknikoki eta bai ekoizpen aldetik ere. Handiaren arduradunak hainbat festibeletan egon ondoren mundu guztian dauzkate kontaktuak. Esango nuke iraultza txiki baten aitzindari garela. Hitz potoloak dira agian, baina errespetuz begiratzen gaituzte, ez Estatu mailan bakarrik, Europa osoan ere.

Zuzendariren batekin bereziki gustatuko litzaizuke lan egitea?

-Nire lagun Ramon Agirrek egin zuen Michael Hanekerekin, adibidez. Edo Kaurismakiren, baten bat esatekotan. Baina ez naiz mitomanoa, lan egin dudanekin errepika-tzea gustatuko litzaidake, hemengoekin eta Estatu mailan ere bai. Ez dut inor miresten.

Zein proiektu dauzkazu esku artean 2018rako?

-Presunto Culpable grabatzen jarraituko dugu eta litekeena da Euskal Herriko bi ekoizpenetan lan egitea. Udazkenean agian antzezlan batean ere bai, baina oraindik ezin da zehaztu.

las claves

“Ez dizkiot mugak jartzen nire lan esparruari: kanpoan aritzeak aberastu egiten nau, herritar moduan eta aktore moduan”

“Egungo euskal zinemaren aurrerapausoa askoz atzeragotik dator eta egungo zuzendari horiek nondik eta Kimuak ekimenetik datoz”

kurrikuluma

Biografia. Donostian jaioa 1964an, 20 pelikuletan baino gehiagotan hartu du parte Josean Bengoetxeak eta sariak ere irabazi ditu. Euskal Herrian eta Madrilen ez ezik, Uruguai, Mexiko, Frantzia eta Portugal bezalako herrietan egin du lan.

Azken lanak. Presunto Culpable telesaila, La Zona telesaila, El Pacto pelikula, Bajo la piel del lobopelikula, Inhibidos telesaila, El Jefepelikula. Gainera, Agustín Díaz Yanesen Oro;Helena Tabernaren Acantilado;Patxo Telleriaren Igelak;Rodrigo Sorogoyenen Que Dios nos perdoneedo Dani de la Ordenen El Pregón. ETBko Aitaren etxea telesailean ere hartu zuen parte eta antzerkigintzari dagokionez, Andrés Limaren El Jurado lanean.

Beste lan batzuk. Ander;Urte berri on, amona;Cámera obscura;Negociador;Loreak;Los tontos y los estúpidos;Lasa y Zabala.