Zoroperia Eguna, urteko azken festa

Zestoarrek urteko azken jaia ospatu zuten atzo eta giro aparta izan zen egunean zehar herriaren erdigunean

Ane Rotetaren erreportajea eta argazkiak - 2017(e)ko abenduaren 27a, asteazkena - 06:12etan eguneratua

Herriko plaza jendez beteta, eguerdi partean.

Herriko plaza jendez beteta, eguerdi partean.

Galería Noticia

Herriko plaza jendez beteta, eguerdi partean.

Gabon Gaua eta Eguberri Egunaren ajeak ez zuten festarako gogoa eta giroa zapuztu aurtengoan ere, eta aurreko egunak tripak ederki bete arren, zestoarrak eta inguruko herritakoek Zoroperi Eguna ospatu zuten atzo giro ederrean.

Ohi bezala, baserritar jantziak atera zituzten kalera eta goizetik giro aparta izan zen herriaren erdigunean. Herriko plazan fruta, barazki, gazta eta artisauen hainbat salmenta-postu jarri zituzten goizetik eta jai giroa nagusitu zen egun osoan zehar plazaren inguruan. Hori bai, euria egin zezakeenez, zenbait postu arkupetan jarri behar izan ziren. Dena den, plaza bete-betea egon zen, eguerdi aldera batez ere, gazta eta sagardo dastaketa eta trikitilariak giroa alai-tzera azaldu zirenean.

Horretaz gain, Barazki eta Fruta, Ezti eta Gazta eta Sagardo lehiaketetako sariak banatu ziren eguerdian. XXVIII. Barazki Lehiaketan hiru sari banatu zituzten eta honakoak izan ziren irabazleak, hurrenez hurren: Karmen Etxeberria Irusta (Etxagueazpikoa, Bergara), Ezozi Etxeberria Irusta (Aritzaga Baserria, Soraluze) eta Jose Lonbide (Ibargoia, Aramaio). Frutatan, berriz, Jose Antonio Elosegi (Oñatibixiki, Gabiria) eta Errezilgo Azokak irabazi zuten. Gazta Lehiaketari eta Sagardo Lehiaketari dagokionez, Arroako Sarrondo eta Arroako Ibarrola baserriek irabazi zituzten lehen bi sariak, hurrenez hurren.

XX. Urolako Ezti Lehiaketan, berriz, Bitor Larrañaga (Azkoitia), Manuel Odriozola (Zestoa) eta Patxi Zubimendi (Lasao) atera ziren garaile.

Arratsaldean ere festak ez zuen etenik izan, eta haurrentzako txotxongiloen ondoren, tabernaz tabernako bertso poteoak eta Obaneuke taldearen erromeriak borobildu zuten eguna.