Urteko balorazioa egin du Salbatore Deuna abesbatzak

Getariako taldeak “ilusioz” begiratzen dio 2018 urteari, aurten hainbat emanaldi eskaini ondoren

2017(e)ko abenduaren 29a, ostirala - 06:12etan eguneratua

Getaria- 2017 urtea amaitzen ari denean, Getariako Salbatore Deuna Abesbatzako kideek azken hamabi hilabeteetako hausnarketa bat egin nahi izan dute eta gustura agertu dira urtean zehar egindakoarekin.

“Getariak behar izan gaituen guztietan erantzuten ahalegindu gara, eta bestalde, poza ematen digu getariarrek badutela non kantatua. Gure herriak kantatzeko beti izan duen ohiturari jarraipena eman nahi diogu, ez dadila katea eten”, adierazi dute abesbatzako kideek.

Aurten gainera, Nice M. Crespo zuzendari berriarekin kontatu du taldeak, eta egun 40 lagun inguruk osatzen dute abesbatza. Hala, urtean zehar leku eta egoera ezberdinetan kantatu ohi dute: “Elizkizunetan entzun gaitzakezue, eta bestelako ekitaldietan ere jardun gara. Herrigunean bezalaxe Getariako auzoetan ere: San Prudentzion, Askizun eta Meagan izan gara, jaiak alaitu asmoz”. Horretaz gain, zenbait kontzertu ere eskaini dituzte, Salbatore jaietan edo Zaharren Omenaldian esaterako, baina beste askotan ere izan da beren ahotsak entzuteko aukera;hala nola, San Antonetan, Antxuaren Egunean eta Xixili Donearen egunean. Baina, azken hilabete hau izan da taldearen hilabete “oparoena”. “Igeldoko Lezkarri Abesbatzarekin batera eskaini genuen kon-tzertua abenduaren 10ean, herriko haurrekin 17an, Eguneko Zentroan 21ean eta noski, 24an kalez kale aritu ginen”, zehaztu dute.

Urtean zehar egindako guztia aurrera eraman ahal izateko hainbat laguntza jaso du taldeak eta gogoan izan dituzte udaletxea, kofradia, eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Deitura, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, Elkano Arraindegia eta Izarri okindegia.

Amaitzeko, 2018 urteari ilusioz begiratzen diotela nabarmendu dute: “Aurten bezalaxe hainbat ekitalditan parte hartzea espero dugu, urtero bezala, eta gutxiagotan izaten dugun aukera datorkigu gainera: Elkanoren Lehorreratzean gure herriko seme handienetakoaren omenez Gora Elkano kantatzeko aukera izango dugu”. - A.R.