Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Goierriko sei herritan antolatu dituzte lasterketak urtea agurtzeko

Eskualdeko proba guztiek 10 kilometro baino gutxiagoko luzera izango dute

M. Aranburu - Sábado, 30 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:12h

Zegamako San Silbestre lasterketaren hasierako momentuan, hainbat korrikalari.

Zegamako San Silbestre lasterketaren hasierako momentuan, hainbat korrikalari.

Galería Noticia

  • Zegamako San Silbestre lasterketaren hasierako momentuan, hainbat korrikalari.

beasain- Zapatilak jantzi, eta urtea korrika eginez amaituko dute milaka gipuzkoarrek bihar. Urtean zehar kirolik ez egin arren, azken egunean halaxe esaten diote askok agur badoan urteari, eta datorrenari ongi etorria emateko ere balioko du. Goierritarren kasuan ere, ehunka izango dira kalera irtengo direnak urtea kilometro batzuk eginez amaitzeko asmoarekin. Aukerak ere ugari daude, izan ere, sei herritan antolatzen dituzte San Silbestreko lasterketak.

Egun honetan eskualdean egiten den lasterketa zaharrena Beasaingoa da. Aurten 44. edizioa beteko du Beti Bizi elkarteak antolatzen duen lasterketa herrikoiak. Helburua solidarioa izango du gainera, hain zuzen, jasotzen duten dirua Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da eta. Urtero, erakunde honek herrialde txiroetan hainbat programa egiten dituzte bertako biztanleen bizia hobetzeko.

Lasterketaren ibilbidea, Gernika pasealekuan hasiko dute korrikalariek, 12.00etan. Hala ere, baina parte-hartzaileek 9.30etatik eta 11.30-etara bitartean pasa beharko dute txipa eta dortsala jasotzera. Irteera puntuan jartzen diren lasterkariek 9,3 kilometroko distantzia egin beharko dute helmugara iristeko. Herrian barrena itzulika ibiliko dira, eta tarte horretan ikusleen animoak ere jasoko dituzte. Proba dela eta, herriguneko trafikoa eten egingo dute 11.30etik 13.00etara bitartean. Helduak ez ezik, txikiek ere izango dute haien lasterketa. 10.00etan zabalduko da izen-ematea eta 10.30ean hasiko da proba.

Ordiziako San Silbestreak ere badu ibilbide luzea, aurtengoa 41. edizioa izango da eta. Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak elkarrekin antolatzen dute eta oraindik ere mantentzen du izaera herrikoia. Izen-ematea doakoa da eta ehunka lagunek parte hartzen dute urtero. Proba 18.00etan hasiko da, eta Beasaingoa baino laburragoa da: 6,3 kilometroko ibilbidea du. Aurretik, gaztetxoentzako proba ere egingo dute, 17.00etan hasita.

Legorretakoaren kasuan, bertako herritarrek bakarrik parte hartu ahalko dute 35. San Silbestreko krosean. Ordiziakoa bezalaxe, doakoa izango da izen-ematea. Bilkoin kirol elkarteak antolatzen duen lasterketa 12.00etan hasiko da eta 3,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Lazkao eta Zegamako lasterketak, berriz, seigarren edizioa izango dute aurtengoan. Lazkaokoaren kasuan, Antzar Korrikalariek antolatutako proba da eta bost kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek. Haurren proba 12.00etan hasiko da, eta besteena 13.00etan. Zegamakora, berriz, urtero goierritar ugari gerturatzen dira. Arrazoia argia da: parte hartzen duten korrikalarien artean Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsalak lortzeko aukera egoten da. Lasterketa 17.30ean hasiko da eta herrian barrena 5,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lasterketa amaitu ondoren egiten dute mendi maratoiko dortsalaren zozketa.

Zaldibiarrak ere korrika amaituko dute urtea. Lehiakortasuna alde batera utzi eta ondo pasatzea bultzatu nahi du Gazte Asanbladak. 17.00etan izango da umeen lasterketa eta 17.30ean helduena. Izen-ematea, ordu erdi lehenago zabalduko dute.

Sei lasterketa eta aukera anitz izango dira biharkoan, urtearen amaieran izanda ere, egun bat behintzat korrika eginda bukatzeko.

Herramientas de Contenido