Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Soraluzek Mendigaineko lur eremu berria erosi du

Karakate-Hirukurutzeta mendi lerroa balioan jartzea da Udalaren helburu nagusia

2018(e)ko urtarrilaren 2a, asteartea - 06:02etan eguneratua

soraluze- Soraluzeko Udalak lursail berri bat erosi berri du Mendigainean. Abenduko Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen den lursaila erostea. Guneak 26.289 metro karratuko azalera du eta 9.464 eurotan erosi du. Herritarren artean “futbol zelaia” bezala ezaguna den lursaila da, Atxolin mendi tontorra iritsi baino lehenagoko lautada.

Legealdi honetan, Udalak Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan erosten duen laugarren lursaila da. Aurretik, Gizaburuaga izeneko hiru lursail erosi zituen guztira 33.363 metro karratuko azalera dutenak eta honenbestez, 59.652 metro karraturen jabe egin da orain.

Karakate-Hirukurutzeta mendi lerroan dauden lurrak erosten joatea da Udal Gobernuaren asmoa. Kontutan izanda, Debegesa (Deba Beheko Garapen ekonomikoko agentzia) eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek, Mendi gaineko Dolmenen Ibilbidea indarrean jartzeko egiten diharduten apustu garrantzitsua, Soraluzeko Udalak lehentasunezkoa ikusi du lursail hauen erosketa burutzea proiektua aurrera eraman ahal izateko.

“Karakate-Hirukurutzeta mendi lerroa balioan jartzea da helburu nagusia;bai ingurugiro aldetik, turistikoki, paisaia aldetik, ondare historiko arkeologiko aldetik eta abeltzaintza ikuspegitik. Udalerrian dugun gunerik ederrenena da Mendi gaina eta honen aldeko apustu garbia egiten du Soraluzeko Udalak”, agertu du Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak. - Eregi

Herramientas de Contenido