Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Jaurlaritzak 846 zuzkidura bizitokiren eraikuntza du abian 12 udalerritan

EUROPA PRESS - 2018(e)ko urtarrilaren 5a, ostirala - 10:37etan eguneratua

Vista de las azoteas con piscinas de tres de los edificios que se han construido entre Deusto y Arangoiti, con Bilbao al fondo.

imagen de parte del bilbaino barrio de Arangoiti (Borja Guerrero)

Galería Noticia

Vista de las azoteas con piscinas de tres de los edificios que se han construido entre Deusto y Arangoiti, con Bilbao al fondo.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 846 zuzkidura bizitokiren sustapena du martxan gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 12 udalerritan.

DONOSTIA. Alokatzeko apartamentu mota hori gehienez okupatzaileek bost urtez bertan egoteko pentsatuta dago, eta haien eraikuntza 2018-2020 aldirako Etxebizitza Plan Gidariaren apustu nagusietako bat da. Hartzaile nagusiak gazteak dira, zuzkidura bizitokiak emantzipatzeko aukera izan baitaitezke.

Aipaturiko 846 zuzkidura bizitokietatik 212 martxan daude, eraikuntza prozesuan: 60 Bilbon (Arangoiti), 58 Santurtzin, 51 Errenterian eta 43 Irunen. Bestalde, Bilboko Txurdinaga auzoan 107 apartamenturen sustapena hasteko obrak lizitatuko dira.

Beste 527 etxebizitza hitzarmena formalizatzeko edo proiektua idazteko fasean daude: 66 Bilbo-Zorrotzaurren, 92 Gasteiz-Lakuabizkarran, 60 Zarautzen, 45 Azpeitian, 72 Bilbo-Txurdinagan, 48 Lekeition, 36 Basaurin, 50 Lezon, 26 Abanton eta 32 Irunen.

2015eko Etxebizitza Legeak etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dituztenei aldi baterako ostatu ematera bideratzen ditu apartamentu publiko horiek, besteak beste, gazteei, etorkinei, pertsona banandu edo dibortziatuei -etxebizitza partekatuaren erabilera eskubidea galdu badute-, eta hirigintza eragiketak direla-eta berriro ostatu hartzeko zain dauden pertsonei eta antzekoei.

Hori dela eta, zuzkidura bizitokiak alokatzeko aurreikusten den gehieneko epea bost urte dira;izan ere, horien bidez lortu nahi dena da gazteek eta gainerako esleipendunek denbora tarte horretan familian bizitzeko etxebizitza behin betikoagoa aurkitu ahal izatea, dela jabetzan, dela alokairuan. Horrela, hutsik utzi duten apartamentua beste pertsona batzuek okupatu ahalko dute.

HITZARMENAK

Martxan dauden zuzkidura bizitokien sustapen gehienak Etxebizitza Sailaren eta udalen arteko hitzarmenen bidez egiten ari dira. Oro har, udalak doan lagatzen du lurzorua eraikitzeko, eta Etxebizitza Sailak bere gain hartzen ditu apartamentuen eraikuntzaren eta alokairu kudeaketaren ondoko kostuak, Alokabide sozietate publikoaren bidez.

Zeharkako ostatu izaera kontuan hartuta, zuzkidura bizitokien tamaina ohiko etxebizitzena baino txikiagoa da, eta okupatzaile baten gehieneko errentamendu aldia ezin da bost urte baino gehiagokoa izan. Horietara jotzeko baldintzak, oro har, alokairuko etxebizitza publikoetarako indarrean dauden berdinak dira.

Beraz, hileko zenbateko kanona aldatu egiten da, etxebizitzaren tamainaren eta familia unitatearen diru sarreren arabera.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak udalerriekin lankidetzan jardutea nabarmendu zuen, zuzkidura bizitokien eraikuntza sustatzeko, mota horretako azken hitzarmena sinatu zenean, Zarauzko Udalean, pasa den abenduaren 21ean.

"Badakigu, ondo jakin ere, gure gazteen emantzipazioa atzeratzen ari den arazo nagusietako bat etxebizitzaren kostu garestia dela, kontuan hartuta lanik eza eta ezegonkortasun handia daudela. Gure erantzukizuna aintzat hartuta, gogotik lan egingo dugu, etxebizitzarik eza oztopo ez izateko beren bizitzari ekiten dioten gazteentzat", esan zuen.