Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

“Astotxo Eguna oso geure sentitzen dugu”

bihar ospatuko da lazkaon astotxo eguna eta ohi bezala, egiptorako ihesa antzezlana egingo dute ehunka lagunek

M. Aranbururen erreportajea eta argazkia - Sábado, 6 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:17h

Lazkaoko Lazkao Txiki plaza jendez bete zen iazko ikuskizunean. Irudian, Axier Sukia, Herodesen papera antzezten.

Lazkaoko Lazkao Txiki plaza jendez bete zen iazko ikuskizunean. Irudian, Axier Sukia, Herodesen papera antzezten.

Galería Noticia

  • Lazkaoko Lazkao Txiki plaza jendez bete zen iazko ikuskizunean. Irudian, Axier Sukia, Herodesen papera antzezten.

Tradizio handiko festa izango dute bihar Lazkaon, Astotxo Egunean. 1652. urtean du jatorria jai honek, Zistetar komentuaren inguruan, eta aurten ere bere jarraipena izango du festak. “Aspalditik egiten dugun zerbait da eta festa propio bezala sentitzen dugu lazkaotarrok, oso geurea. Inguruan, gainera, ez da horrelakorik egiten”, azaldu du Axier Sukiak. Berak, azken urteetan bezala, antzezlanean Herodesen papera eginez parte hartuko du.

Festak izandako eboluzioaren inguruan aritu da Sukia: ”festa erlijiosoa zen garai batean, Zistetar komentuan sortua. Presbiterioan Jesusen familiaren Egiptoko ihesa irudikatzen zuten figurak beti monasterioan mantendu izan dira, eta garai batean baserritarrak inguratzen ziren bertan ofrendak uztera”, nabarmendu du. Urteak aurrera egin ahala, baina, ez da tradizioa galdu, eta oraindik ere figura horiek ikusteko aukera izango da biharkoan. Hala ere, aurrera egin du denborak eta 1988. urtean “eboluzionatzen” hasi zela agertu du antzezleak: “kale an-tzerkia egiten hasi ginen eta hala, zerbait estatikoa izatetik biziduna izatera pasa zen, eta komentuko festa izatetik, kalera irtetera”.

Atzo goizean biharko ikuskizunerako guztia prestatzen aritu ziren hainbat herritar. Egiptorako ihesaantzezlana Lazkao Txiki Zelaian izango da betiko legez, eta aurten ere 100 herritar inguruk parte hartuko dute Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean. Hori, kontuan izan gabe aurrez egin behar diren lanetan ere dozenaka lagunek jarri dutela haien alea;dela trajeak presta-tzen, josten edo animaliak lortzen. “Aurrera pauso horrek jende gehiagok antzerkian parte hartzea ekarri zuen. Gaur egun aurpegi anitz ikus daitezke ikuskizunean eta herritarren parte hartzeak ere gora egin du nabarmen”. 13.00etan hasiko da antzezpena. Herodesek, Errege izateko jaio den haur baten berri jasoko du, eta agintea galduko duenaren kezkaz, bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindua emango du dekretu baten bidez. Joseri eta Mariari aingeru batek emango die erabaki honen berri, eta ihes egiteko aholkatuko die. Ihesaldi honetan Belengo herria izango dute gordeleku, Herodesek bere dekretua bete arazten duen bitartean. “Dagoeneko ez dakit zenbat urte daramatzadan Herodesen papera egiten, baina asko dira”, onartu du Sukiak. Egun hauetan izaten duten “girotze” prozesuak egun handirako asko “laguntzen” duela ere aitortu du: “prestaketa kontestuala da. Gainera, ikasi beharreko testua ez dugu asko aldatu urte hauetan, guretzako errazagoa delako, baina funtsean, istorioaren oinarria ere mantendu nahi dugu”.

Horien aurretik, Astotxo Txiki an-tzezpena egingo dute haurrek, Beneditarren monasterio paretik Lazkao Txiki Zelaira, desfilean, 12.30ean hasita. Bertan, 100 lagun inguruk parte hartuko dute aurten ere.

aukera anitzAzken 19 urteetan bezala, Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa eta kalifikazio ofiziala ere egingo dira bihar Lazkaon. Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa plazan izango da, 12.00etan. 100 asto inguru lehiatuko dira, eta epaimahai bat arduratuko da astoak Enkarterri arraza autoktonokoak diren baieztatzeaz, ondoren ziurtagiriak banatzeko. Eguerdi aldera ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute. “Festa ezberdina da. Asto lehiaketatik hasi, komentuan tradizioa ikusteko aukerari heldu eta dimentsio handiko kale antzerkiaz gozatu ahalko da. Dudarik gabe, festa berezia da”, gaineratu du Sukiak.

Herramientas de Contenido