Zabalik dago Pagoeta Mendi Lasterketako izen-ematea

Zarauzko kirol proba arrakastatsua datorren apirilaren 29an jokatuko da

Ane Roteta - Sábado, 6 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:17h

Korrikalariak Gorritxoko eremuan, duela urte batzuk.

Korrikalariak Gorritxoko eremuan, duela urte batzuk.

Galería Noticia

Korrikalariak Gorritxoko eremuan, duela urte batzuk.

Zarautz- Pagoeta Mendi Lasterketa datorren apirilaren 29an jokatuko da, 9.45etik aurrera, eta izen-emate epea dagoeneko zabalik dago. Horretarako, interesa dutenek kirolprobak.com webgunera jo beharko dute.

Azken urteetan bezala, bi ibilbide egiteko aukera izango dute korrikalariek: batetik, 21 kilometroko ibilbide luzea, eta bestetik, 9 kilometrokoa. Azken hori mistoa izango da eta bikoteka egin ahal izango da. Muga bezala, korrikalariek bi ordu izango dituzte gehienez ibilbidea osatzeko.

Lehenengo ibilbidea zirkularra izango da eta, ohi bezala, lasterketa Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiaren parean hasi eta amaituko da, Pagoeta mendiko tontorra izango delarik lasterketako punturik garaiena, 670 metrorekin. Desnibel metatua, berriz, 1.600 metrokoa izango da.

Bikote mistoen proba ere zirkularra izango da eta Urteta auzoa izango da punturik garaiena. Guztira 700 metroko gorabehera metatua izango du, zailtasun teknikorik gabeko gunerik gabe.

Kirolprobak atarian antolatzaileek zehaztu dutenez, gehienez 230 korrikalarik hartu ahal izango dute parte. Bikote bakoitzak edo banaka parte hartzen duen korrikalari bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu izen-ematea egiteko. Dortsalak egun bat lehenago jaso ahal izango dira, apirilaren 28an, 17.00etatik 19.00etara irteera gunean (Kikara tabernaren ondoan), edo egunean bertan proba hasi baino 15 minutu lehenago arte.

Gainera, sari ugari izango dira txapeldunentzat eta zarauztar hoberenentzat. Horretaz gain, korrikalari bakoitzak probaren poltsa eta kamiseta bat eskuratuko du, eta parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo dira. Eta noski, lasterketa amaitzean hamaiketako batekin bete ahal izango dute tripa korrikalariek. Era berean, anoa-postuak egongo dira bi lekutan;hain zuzen ere, 3,5 kilometroan (bertan ura emango zaie korrikalariei) eta beste bat helmugan.

Informazio gehiago eskuratzeko pagoetaml.com webgunera jo daiteke.