Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Post2017ko urte berria

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 7 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:15h

postal bat jaso dut, testu irudimentsu honekin: “Post2017ko sasoi berrian, zorionak!”.

Ez dago, itxuraz, gaur eguneko pentsamoldeen ikertzaile akademiko, filosofo, soziologo, antropologo, etnologorik, ‘post’ aurrizkidun hitz eta termino sorta bat erabiltzen ez duenik, bere burua estimuan izanen badu. Gutxi duela, pozik irakurri nion horietako bati, bere liburu berri batez egin zioten elkarrizketa batean, berak ere gorroto ziola horrelako terminoen uholdeari. Alta, haren liburura jo nuen gero eta post horietaz josirik aurkitu nituen haren orrialdeak ere.

Postmodernia deituriko aro honetan, den-dena post: postnazionalismoa, postmarxismoa, postkapitalismoa, postarrazionalismoa, postkolonialismoa, postegia… Ematen du guztiz gainditu omen ditugun ideiei erreferentzia eginik baizik ezin dugula zerbait berri irudikatu. Ematen du post-paradigma dugula paradigma berri bakarra, modernia-osteko azken moda kontzeptualen zale saiatuak garela.

Post aurrizkia denborari dagokio berez, segida bati, aditzondo baten gisa funtzionatzen du arruntean, aurreko fenomeno baten nolabaiteko ondorioek bizirik jarraitzen dutela adierazteko. Ondorio horiek ustez gainditu ondoren, hor amaitzen da postgerra, postfrankismoa, edozein antzeko ‘post’. Baina gaurko uholde kon-tzeptualean, zerbait gehiago erran nahi dute ikertzaile horiek, zer eta, hain justu, pentsamolde erreferentziala (aurrekoa) guztiz gainditu dugula adierazi nahian. Hots, aurreko pentsamoldeen ondorioak desagertu direla. Horrela bada, zergatik ez dituzte asmatzen termino berriak, positiboki balizko aro berri hau definitu edo deskribatzen dutenak, aro berri honi eduki propioak ematen dizkiotenak? Oi, post aurrizkidun termino horiek, zeinen erranahiak zerikusirik ez duen erran/adierazi nahi dutenarekin!

Badirudi post-terminologia horren uholdean ito egin direla ikertzaile horiek. Post-intelektual direla dirudi. Historia-osteko pentsalariak. Baina ba ote dago pentsatzerik historiatik kanpo? Modernian, Arrazoi Aroan (dena delakoa Arrazoi mota, teorikoa ala teknikoa), indarrean zeuden paradigmek, ideologiek-eta ezer gutxi balio digute gaur egun. Ados. Baina horien desagertze hutsean gelditzen bagara, badaude, aitzitik, desagertu ez diren bertze paradigmak, are indar berria ematen diegun bertze paradigmak, Liburuko Erlijioenak alegia, zeinetan ezin sortu pentsamolde berririk, intelektualtasun berririk, zeinek kontenplazio hutsa agintzen baitigute historiatik kanpo. Edo hazkuntza-likido direnak ‘neo’ bakterioentzat, moderniako, eta are modernia aurreko, ‘paleo’ pentsamoldeen-tzat. Post garai hauetan nola ugaltzen ari diren neo paleoak erreparatu bertzerik ez dugu izan behar. Pentsamoldeen halako post-mortem ezgarai hauetan, hainbat eta hainbat ‘neo’rentzako konposta baizik ez dugu lortuko, ezin emankorragoa bistan dena. Pos-mortem birziklatzea-edo, alegia.

Ea post2017ko sasoi berri honetan hasten diren gure intelektual akademikoak zorioneko termino berriak asmatzen, iazko bestondoko gure ondoeza gainditzen laguntze aldera.

Herramientas de Contenido