Merkatari erretiratuei, omenaldia

beasaingo udalak iazko urtean jubilatu diren merkatariei aitortza egin eta erakusleiho politenak saritu ditu

M. Aranbururen erreportajea - Domingo, 7 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:17h

Beasaingo Udaletxean Tere Aranburu, Natxo Cid, Julian Mujika eta Xabier Iraeta, Udal ordezkariekin batera, egin dioten omenaldi ekitaldian.

Beasaingo Udaletxean Tere Aranburu, Natxo Cid, Julian Mujika eta Xabier Iraeta, Udal ordezkariekin batera, egin dioten omenaldi ekitaldian. (Argazkia: N.G.)

Galería Noticia

Beasaingo Udaletxean Tere Aranburu, Natxo Cid, Julian Mujika eta Xabier Iraeta, Udal ordezkariekin batera, egin dioten omenaldi ekitaldian.

Herriko merkatariek egiten duten lana eta esfortzua balioan jarri nahi izan du Beasaingo Udalak, eta iazko urtean erretiroa hartu duten merkatariak omendu dituzte, eta bide batez, Gabonetako erakuslehio ederrenak ere sarituak izan dira.

Jubilatu direnak esperientzia handia lortu dute, nork bere esparruan. Guztiek pozik hartu dute Udalak emandako oroigarria eta eskertu egin dute egindako omenaldia. Alzuri argazki dendako Xabier Iraeta izan da erretiroa hartu duen horietako bat. 1941. urtean abiatu zuten negozioa Pilar Alzurik denda irekiz, eta urte batzuk geroago haren senar Jose Morales ere bertan aritu zen lanean, familia giroan mantenduz negozioa. 1971. urte inguruan, beste hainbat negozioetan izaten den moduan, haien alaba, Inma Morales, ere bertan hasi zen lanean eta azkenik, Xabier Iraeta 1973. urtean hasi zen lehenengo harremanak izaten negozioarekin, eta azkenik, 2003an, bertan buru-belarri hasi zen lanean, argazki dendako sekretu eta nondik norako guztien jabetza osoa izanez. Iazko urtean hartu du ondo merezitako jubilazioa.

Natxo Cid, Natxo belar eta dietetika dendakoa aski ezaguna da Beasainen zein inguruko herrietan. 1985.urtetik eskaintza eta zerbitzua handituz joan ibili da orain arte eta ia egunero herritarrak izaten ditu dendan belarrak edo bestelakoak erosten. Hasieran Nafarroa etorbidean zuen denda, baina hura txiki gelditu zitzaion eta Kale Nagusira etorri zen. Hala, erretiroaren omenaldia jasotzeaz gain, Gabonetako erakusleiho lehiaketako irabazlea ereizan da. Aurtengoan, argi txikiz beteta jarri du erakusleihoa, eta lehiaketan parte hartu duten 28 denden artean, ia mila erosleen botoek erabaki dute bere denda izatea saritua. Bigarren saria, berriz, Kux-kux arropa-dendak eskuratu du eta hirugarren saria Andreak arropa-dendarentzako izan da.

Omenaldiekin jarraituz, Mujika harategiko Julianek ere jaso du merezitako aitortza. Hark orain dela 43 urte ireki zuen herrian harategia. Segituan gehitu zen lanera Paki Agirre, haren emaztea, eta hantxe jarraitzen du oraindik ere lanean, egunero, Iñaki Ormazabal harakinarekin batera. Odolkiak egiteari ekin zioten hasieratik eta lehiaketetan parte hartzen ere hasi ziren. Sari batzuk irabazi dituzte urte hauetan, eta aipatzekoak dira duela sei urte, 2012an, Beasaingo Odolki Lehiaketan lehen saria irabazi zutela. Horrez gain, Gipuzkoako Txapelketa 3 aldiz irabazi du eta Tolosakoa behin.

Aipamen bereziarentzako ere izan da tartea aurten. Izan ere, urrian 100 urte bete zituen Kale Nagusian kokatuta dagoen Aranburu Oinetakoak dendak. Florentino Aranburuk eta Manuela Aiestaranek hasi zuten 1917. urtean dendaren ibilbidea eta belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu da. Gaur egun, Tere Aranburu biloba da dendaren arduraduna. Beraz, hiru belaunaldi ezagutu ditu zapata denda honek, eta oraindik er ibilbide luzea du aurretik.