Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Foru Gobernuak ikasturteko eskola-garraioa kontrolatzeko lehen kanpaina egingo du urtarrilaren 8tik Aurrera

Hiru astetan zehar, alkoholaren eta drogen kontrola egingo zaie gidariei, ibilgailuen segurtasuna ikuskatzeaz gain

navarra.es - Lunes, 8 de Enero de 2018 - Actualizado a las 12:59h

Urtarrilaren 8an, astelehenean, eskola-garraioa kontrolatzeko kanpaina berria abian jarriko da hiru asteko denboraldirako, eta, zehazki, alkoholaren eta drogen kontsumoa detektatzeko probak egingo zaizkie gidariei. Era berean, aintzat hartuko dira laguntzailearen irudia eta ibilgailuaren segurtasun-elementuak eta baldintza teknikoak (ateak irekitzea, larrialdi-irteerak,…). Halaber, segurtasun-gerrikoaren erabilera kontrolatuko da.

Gobernuak, Garraio Zerbitzuaren bitartez, eskola-garraioa kontrolatzeko bi kanpaina antolatzen ditu urtean, Nafarroako Garraioen Ikuskapen Planaren esparruan. Kanpainan zehar, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta Udaltzaingoko kideek eskola-garraioaren zerbitzuak kontrolatuko dituzte, Nafarroa osoko ikastetxe publikoetakoak zein hitzartuetakoak. Halaber, Barne Zuzendaritza Nagusiko Trafiko eta Bide Segurtasuneko Atalaren lankidetza izango dute, Bide Segurtasuneko Nafarroako Estrategia bultzatzeko eta horren segimendua egiteko arduradun gisa. Ikasturteko lehen kanpaina urtarrilaren 8an hasiko da, Gabonetako oporren ondoren ikasturtea berriz hasitakoan, eta gutxi gorabehera hiru astekoa izango da.

Eskola-garraioa erabilera bereziko garraio erregularra da, eta garraio-eskolaren eta adingabeen segurtasun-baldintzei buruzko 443/2001 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-baldintza propioak bete behar ditu. Adierazitako egun horietan Foruzaingoko eta Guardia Zibileko agenteek egingo dituzten ikuskapenetan, lehenik eta behin kontrol administratiboa egingo da, era horretako garraioak egiteko baimenak nahiz zerbitzua behar bezala emateko ibilgailu horiek eduki behar dituzten agiriak eta bereizgarriak kontrolatzeko. Halaber, ibilgailuaren baldintza teknikoak eta segurtasun-elementuak araudiak eskatutakoak direla egiaztatuko da. Horrez gain, gidariek bete behar dituzten baldintza bereziak ere egiaztatuko dira, eta, gidatzeko baimena eta gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatzeaz gain, alkohola eta drogak detektatzeko kontrol espezifikoa egingo zaie.

Azkenik, laguntzailearen presentzia egiaztatuko da, garraiatutako ikasleen gutxienez herena 16 urtetik beherakoa denean, beharrezkoa baita eskola-garraioaren zerbitzuetarako, eta funtzioak behar bezala betetzen dituela ere egiaztatuko da. Topatutako arau-hausteak Garraio Zerbitzuaren ikuskapen arloak eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak izapidetuko ditu, hautsitako araudia garraiokoa edo trafikokoa den kontuan hartuta.