Hirigintza Kontseiluak jakinen du nori esleitu zaizkion Milagrosan erdigune berria zein oinezkoen ibilbideak sortu eta merkataritza biziberrituko duen plana erredaktatzeko lanak

Lana esleitzeko proposamena bi merkataritza-sozietateen aldekoa da, eta 181.500 euro joko du (BEZa barne), lizitazioan ezarritakoaren % 25 baino gutxiago

Lunes, 8 de Enero de 2018 - Actualizado a las 21:11h

Datorren urtarrilaren 10ean, asteazkenarekin, Hirigintza Gerentziako Kontseiluak Milagrosako Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren erredakzioaren esleipen-proposamenaren berri izango du. Plan horri jarraikiz eraldatuko da Milagrosa auzoa, auzoaren ardatz nagusi izango den erdigune publiko bat sortuta, oinezkoendako ibilbideei bultzada emanda eta merkataritza-erabilerak leheneratuta. Esleipen proposamena bi merkataritza-sozietateren alde egin da: Aragón Terroba I, Lamana Pastor L eta Ramírez Sánchez JM (deUrban Abogados SC anagrama), 81.675,00 euroan –kontratuaren % 45–;eta Sigifredo Martín Sánchez, 99.825,00 euroan (BEZa barne) –kontratuaren gainerako % 55a–. Esleipenak guztira 181.500 euro jotzen du (BEZa barne), lizitazioaren prezioaren % 25 gutxiago.

Lan honen abiapuntua 2015ean Milagrosan egin zen EDUSI (Hiriaren Garapenerako Estrategia Integratu eta Jasangarria) proiektuan abiatutako azterlana da. Diagnostiko horrek ahulezi zehatzak hauteman zituen auzoko hirigintza eta ingurumenari dagokionez, eta agerian uzten zuen antolamendu txarra eta espazio gutxi zuten eraikinetan biztanle kopuru handia bizi dela. Halaber, aintzat hartzeko faktore gisa agertzen ziren baita ere zonaldearen orografia zaila, lur gaineko aparkaleku gehiegi dagoela, Zaragozako etorbideak muga fisiko eta psikologiko gisa jokatzen duela, bizilagunendako aparkaleku-falta, bidegorri gutxi daudela, eta garraio publikoa kanpoaldeko kaleetatik dabilela.

Planaren erredakzioan garatu beharko den proposamen berriak oinezkoendako barne ibilbideak bultzatzea jasotzen du, erabilera komertzialak biziberritu eta sustatze aldera, bai eta Lehentasunez Birgaitzeko Eremu bat eratzea ere, gune zaharrenetan. Halaber, lizitazioaren baldintza teknikoen barruan sartzen da plan berezia gauzatzerakoan ezagutzera eman eta garatu beharko dela herritarrendako prozesu partizipatibo baten diseinua, herritarren iradokizunak bideratu eta planean sartze aldera.

12 hilabete, plana lau fasetan erredaktatzeko

Planaren erredakzioa 4 fasetan banatutako 12 hilabetean egingo da. Batetik, lehenengo fasean informazioa bildu eta aztertuko da, eta bigarrenean diagnostikoa egin eta herritarren proposamenak jasoko dira, horretarako beharrezkoa izango den prozesu partizipatibo baten bidez. Hirugarren fasean aurreproiektua bera erredaktatuko da eta hurrengo tramitazio administratiboa egingo da. Azkeneko faseak espedientearen amaiera dakar, eta bertan erantzuna emanen zaie testuari egin dakizkiokeen alegazioei.

Hiri Jarduketarako Plan Berezia erredaktatzeko inbertsioak eta plangintza horretatik seguru aski eratorriko diren jarduketak urte hauetan auzoan inbertituko diren 2,5 milioi euroei gehituko zaizkio, urteko 500.000 euro, EDUSI estrategiaren barruan (Hiriaren Garapenerako Estrategia Integratu eta Jasangarria). Hortaz, Milagrosa lehentasunez jarduteko auzo bilakatuko da, eta gainera, Udalak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzera bideratutako funtsen zati handi bat jasoko du.

Hiri Jarduketarako Plan Bereziak Milagrosa auzo osoa hartzen du barne, Zaragozako eta Galiziako etorbideek mugatuta: Zangoza, Larrabide eta Bergamín kaleak, Taxoare kalea (Sebastián de Albero kalearekin bat egin arte), Blas de la Serna eta Queiles Errekaren kaleak. Santa María la Real auzoko zati bat ere hartzen du: Mutiloabeiti, Taxoare, Errege Bardea eta Monjardin Mendiaren kaleek zedarritutakoa, hain zuzen ere.