Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Mattin Zeberio | sortzaile tolosarra, Bilbao MEndi Film Festivaleko euskarazko film onenaren saria

“Hasieratik argi nuen ez nuela bidaia baldintzatu nahi dokumentala grabatzeagatik”

18 urte baino ez ditu eta bere lehen lan luzearekin Bilbao Mendi Film Festival-eko euskarazko film onenaren saria jaso berri du Mattin Zeberio tolosarrak

Marta San Sebastian - 2018(e)ko urtarrilaren 9a, asteartea - 06:17etan eguneratua

Mattin Zeberio, sortzaile tolosarra, Bilbao MEndi Film Festivaleko euskarazko film onenaren saria.

Mattin Zeberio, sortzaile tolosarra, Bilbao MEndi Film Festivaleko euskarazko film onenaren saria.

Galería Noticia

  • Mattin Zeberio, sortzaile tolosarra, Bilbao MEndi Film Festivaleko euskarazko film onenaren saria.

Tolosa- ‘Zortzi Yukon’ zure lehen lan luzea Bilbao Mendi Film Festival-en aurkeztu duzu eta euskarazko film onenaren saria jaso duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?

-Aurrez beste lan batzuk egin ditut eta zenbait kolaborazio ere bai, baina sekula ez dut horrelako formatu eta luzerako lanik egin. Dena berria izan da eta 18 urterekin Bilbao Mendi Film Festival-en nire lana aurkeztu ahal izatea, sekulakoa.

Ezagutzen zenuen aurrez jaialdia?

-Bai, Mendi Tour Tolosara etortzen hasi zenetik joateko ohitura izan dut, inoiz bakarrik ere joan naiz. Josu Iztuetak eta biok bagenekien bertan aurkeztu behar genuela lana.

Josu Iztueta bidaiaria izan duzu bidelagun proiektu honetan, ezta?

-Bai, berak proposatu zidan Yukon-en zerbait egin zitekeela. 2009an joan zen bera eta itzultzeko gogoa zuen. Talde berezi batekin bidaia bat egiteko proposamena luzatu zidan;16 urtetik hasi eta 64 urtera bitarteko zortzi kidez osatutako taldea, adin eta mundu desberdineko jendea, alegia. Askatasun osoa izan dut lana egiteko.

Zortzi kideren bizipenak jaso dituzu orduan...

-Alde fisikotik bidaiak ez zuen ahalegin handia eskatzen. Hiru asteko ibilbidea izan zen, erdia mendian eta beste erdia kanoaz egin genuen. Guztiak ere mendian ibiltzen ohituta gaudenez, ez zen gogorra izan alde horretatik. Bidaiak zuen berezitasun handiena taldekideon arteko bizikidetza zen, bizipenak, bidean sortzen diren hausnarketak...

Non eta noiz grabatu zenuten dokumentala?

-2016ko abuztu bukaeran hasi genuen eta iraila bukaera aldera amaitu. Alaska eta Kanada artean urre bilatzaileek 1896an egindako ibilbidea jarraitu genuen, Skagwayn hasita. Mendiz eta ondoren kanoaz egin zuten, Dawson hirira iritsi arte. Bidean aztarna asko ikusi genituen, eta oso paisaia primitiboak gizakiaren igarotzearekin kontrajartzen zirenak. Bidaia bera eginda ere, bakoitzak bere bidaia propioa egin zuen, eta hori islatu nahi izan dut Zortzi Yukon izenburuarekin.

Eta zein izan da zure bidaia?

-Lehenengo aldia zen nire familiarengandik urrun hainbeste denbora igarotzen nuela, eta are gehiago, horrelako ardurarekin. Lanean nola funtzionatzen dudan eta beste jendearekin nola lan egiten dudan ezagutzeko baliagarria izan zait. Horretaz gain, ariketa fisikoa oso errepikakorra zenez, bidaia oso meditatiboa izan zen. Ordu asko pasa genituen isiltasunean eta oso interesgarria izan zen.

Abenturak erakarrita ala ikus-en-tzunezko lana egiteko helburuarekin joan zinen Yukonera?

-Helburua ez zen bidaia egitea dokumentala egiteko. Hori argi nuen;irudiak jasotzen ari nintzen, baina ez nuen besteen bidaia baldintzatu nahi. Saiatu nintzen ahalik eta ez intrusiboena izaten, horregatik elkarrizketa asko oso naturalak dira. Nire helburua ez zen sekulako bidaia edo espedizioa arrantzatzera joatea, alderantziz, bidaia bizitu eta zerbait sortzen bazen, hori irudiz jasotzea.

Oso gaztea zara, baina hau ez da zure lehen ikus-entzunezko lana...

-Lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen, bi irabazi nituen eta jasotako diru-sariarekin ekipo osoa erosi nuen eta 2017an hainbat lan egin ahal izan ditut;Tenpora musika taldearen bideoklipa, azken Mugaren bideo promozionala...

Zein dira zure erreferenteak;zinemagileak, Internet...?

-Betidanik izan naiz Youtube kon-tsumitzaile handia eta gustuko sor-tzaile batzuk banituen, esaterako, Casey Neistat. Hala ere, orokorrean estiloa edo edukia baino gehiago, filosofia dut gustuko, hau da, baliabide gutxirekin jendearengana iristeko gaitasuna izatea.

Martxoaren 12, 13 eta 14an Tolosara iritsiko da Mendi Tour eta Leidorren ikus ahal izango da ‘Zortzi Yukon’. Berezia izango da, ezta?

-Beti esan izan dut Bilbon bezain besteko ilusioa egiten didala dokumentala Tolosan proiektatzea. Nire aretoa betidanik izan da Leidor, ordu asko pasa ditut bertan.

Musikari familia batetik zatoz, musika ere gustuko al duzu?

-Musika entzule amorratua naiz, astero bost disko berri entzun ohi ditut;denetik, hip-hop musika, jazz... Alde horretatik, sekulako afizioa dut eta sortzekoa ere bai, izan ere dokumentaleko musika nik sortutakoa da. Musika zinema bezain beste gustatzen zait.

Herramientas de Contenido