bertako gaia

Barnekoa askatzeko, idatzi

'Gurasoei Gutuna' deituriko liburua argitaratu du Itxaro Mendizabal beasaindarrak. Bertan, emozio anitz lantzen dituzten 27 testu biltzen dira.

M. Aranbururen erreportajea eta argazkiak - 2018(e)ko urtarrilaren 9a, asteartea - 06:17etan eguneratua

Itxaro Mendizabal eskuan Gurasoei Gutuna liburua duela.

Itxaro Mendizabal eskuan Gurasoei Gutuna liburua duela.

Galería Noticia

Itxaro Mendizabal eskuan Gurasoei Gutuna liburua duela.

Sentimenduez hitz egitea ez da beti gauza erraza ezta azkarra ere izaten. Geure buruan izan ditzakegun pentsamenduek, batzuetan, kulpa sorrarazten digute;beste batzuetan, berriz, esker ona. Beldurrak ere agerian gelditzen dira barnekoari bide ematean, paper gainean marraztuta gelditzen dira, eta horrek, zenbaitetan, idazten dugun hori fintzeko, neurtzeko, ausart izateko eta ulertzeko balio dezake. Orri zuriaren aurrean jarri eta gordetako guztiari paso ematea, baina, terapia bezala ere uler daiteke batzuetan.

Itxaro Mendizabal beasaindarrak badaki zertxobait gaiaz. 2013. urtean jarri zuen abian Ttiklik! idazlan laburren lehiaketa. Anorexia jasan zuen Mendizabalek hogei urtez, eta psikiatrak lehen aldiz alta eman zion egunean bertan, etxera itzultzen ari zirela gurasoak hil zitzaizkion auto istripuz. Egoera latz horretatik 15 urte bete zirenean, orduan jarri zuen abian idazlan lehiaketa hau. Haren gurasoei zein beste guraso guztiei omenaldi bat egiteko asmotan hasi zen guztia eta Gurasoei Gutuna izena jarri zion.

Orain gutxi, urte hauetan jasotako gutun batzuk liburu batean bildu eta argitaratu ditu. “Testu esanguratsu-enak jaso ditugu, asko esaten dutenak. Diskurtso aldetik indartsuenak direnak daude. Hala, helduen kategoriako ia guztiak daude, baina gazteen kategoriakoak ez ditugu sartu, ia gehienak fantasiazkoak izaten direlako. Umeena bat badago, minbiziaren gaia lantzen duelako bertan”, azaldu du Mendizabalek.

Duela bi urtetik bueltaka zeukan ideia izan da orain arteko gutunak biltzearena. Online lehiaketako irabazleak argitaratu izan ditu urtez urte, baina jasotzen zituen gainon-tzekoekin zerbait egin beharra zegoela sentitzen zuen: “jende asko ez da online sartzen irakurtzera eta kaxoi barruan material pila bat neukan, balio emozional handiko testuak”. Gainera, liburua formatu fisikoan izatearen aldekoa azaldu da: “Interneten testuak izatea oso ona da, baina hauek betiko izan ditzakezu. Nahi duzunean irakurtzeko aukera izango duzu, liburua ukitu egiten duzu, sentitu... desberdina da”.

mamitsuaGuztira, 27 gutunek osa-tzen dute Gurasoei Gutuna deituriko liburu hau. Gutun ugari eta are gai eta sentimendu gehiago: “gaika eta emozioka sailkatu ditugu testu guztiak. Bukaeran aurkibide moduko bat jarri dugu lanketa burutzeko, bai umeekin zein helduok. Esateko, beldurra landu nahi badugu badakigu zortzi eta hemeretzigarrengo testuetan emozio hori badagoela”, agertu du.

Liburu laburra da, baina oso sakona: “ez da bat-batean irakurtzeko liburua, badaude behin eta berriz irakurtzekoak, hausnarketa bat egitea eskatzen dutenak”, nabarmendu du eta hala berretsi du irakurleak zer aurkituko duen: “oso gutun gogorrak daude: tratu txarrak jasan dituztenak, gorrotozkoak, minbiziaren gaia, alzheimerra, istripuak...”. Finean, gurasoak guztiok ditugula adierazi du Mendizabalek, baina hauek helduak edo hil direnean idazten diogula eta beraz, nahi edo ez “zertxobait tristeak” izan daitezkeela onartzen du, nahiz eta berak beste hitz bat nahiago duen erabili: “liburu tristea ez, melankoliakoa dela esango nuke”.

idaztea baino gehiagoAurten, hogei urte beteko dira Mendizabalek gurasoak galdu zituenetik. “Omenaldi bat egin nahi nien 15. urteurrenean eta nik ere gutun bat idazteko intentzioa nuen. Ez nintzen gai izan eta lehiaketa bat antolatzea pentsatu nuen, hala, jendeak idazten bazuen nik ere egin ahalko nuela pentsatu nuen”, kontatu du erdi barrez. Mendizabalek hala uste bazuen ere, lehen bi urteetan ez zen gai izan ezer idazteko haren gurasoei.

Hirugarren urtean, terapia batetik zetorren eta orduan gai izan zen idazteko: “idazteko gai izan nintzenean pentsatu nuen lehiaketa egiteari uztea. Baina jendeak horrenbesteko beharra zuela ikusita, jarraitzea erabaki nuen”. Ziur zegoen ez zuela asko iraungo proiektu horrek, jendeak idazteari utziko ziola, baina “handitzen” joan dela onartu du eta jendeak erantzuten segi-tzen duela. Argi gelditu da, horrela, Mendizabalek erreminta bat sortu duela jendeak barnean daukana ateratzeko. “Oso polita da hori nire-tzat”, onartu du.

identifikatzeko beharraBatzuk ere izan omen dira testuak idatzi dituztenak, baina lehiaketan parte hartu nahi izan ez dutenak: “batzuk niri bidali didate nik irakurtzeko. Modu horretan bidalitako bi azkenean argitaratu egin ditugu baimenarekin, noski”. Liburuan idatzi duten partaideen izenak ere sekretuan mantentzen dira, nahiz eta liburuaren amaieran esker ona azaltzeko zatian izen guztiak ageri diren. “Izugarria da, haiek idazten dute eta ondoren eskerrak ematen dizkizute zuri”.

Gutunekin identifikatuta sentitzea beharrezkoa dela azaldu du: “badut pasarte bat liburuan agertzen dena eta ezin dudana kendu. Ama alzheimerrarekin duen alaba batek idazten du eta azaltzen du nola zenbat maite izan duen bizitza guztian zehar, baina orain etxean dagoela, bizitza izorratzen ari zaiola. Gorroto duena gaixotasuna dela, baina ia egoera jasangaitza bihurtzen ari dela eta egoitza batean sartzen dutela. Ziur jende asko dagoela egoera horretan pertsona txarra sentituko direla hori sentitzeagatik, baina irakurritakoan beste batzuk ere egoera berdina bizitakoan gauza berdina sentitzen dutela, nik uste ez direla horren errudun edo gaizto sentituko”. Liberatzeko modu bat bezala ulertzen du liburua, besteen azalean jarri eta agian guk barnean izan di-tzakegun sentimenduak ulertu edo onartzeko bidea.

Pentsamendu zabal eta irekiarekin, esku artean liburua hartu eta barneko korapiloak soltatzen joateko aukera eskaintzen du liburuak. Gozatu.