Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

“Hitzen magiaren bidez mugak zeharkatu nahi zituen”

Idazle, musikari, poeta eta agintariek euskal kulturari Artzek egindako ekarpena gogoratu dute

A. Zabaleta - Sábado, 13 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:10h

donostia- “Kolpe handia da Euskal Herri osoarentzat. Poeta handi bat joan zaigu”. Hala min-tzatu zen atzo Jose Angel Irigaray: Ez dok amairuko sorreran eta lehen urteotan ondoan izan zuen Irigarayk Joxean Artze eta usurbildarrak “bere marka” utzi duela euskal kulturan nabarmendu zuen. “Hitzen magiaren bidez bizitzaren ostertzak eta mugak zeharkatu nahi zituen, bizitzaren transzendentziaren bila. Existen-tziarekiko atxikimendu berezia zuen, erdi filosofikoa, espirituala, erlijiosoa, mistikoa... Gogoangarria da ikustea herri mailan zer nolako eragina izan duten haren hitzek, poemek eta esaldiek”.

Ez Dok Amairuko urteotan ondoan izan zuten, baita ere Oskarbi taldekoek. “Euskal poesiaren berritzaile izan zen Artze, berritzaile eta herrizale, beti euskarazale”, aipatu zuen taldeko kide Joxelu Trekuk: “Beti izan zen mistikoa Joxanton, hasierako urte kontestarioetan eta, noski, azkeneko urteetako kristautasunean”.

Euskal olerkigintzan Artzeren ekarpena nabarmendu zuen, baita ere, Koldo Izagirrek Susak argitaratutako XX. mendeko kaiera sailaren barruan. “Estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean. Harrotasuna nazionala izan zen”, dio. Lehen urteotako esperimentazioarekin “hi-tzaren sustraira garamatza, ia aro aurre-semantikora, hotsera, totelkatze primigeniora. Baina ez da ozentasun hutsa, marrumak kontzeptu bat ezkutatzen duela ohartzen gara, zentzumenak erreskatatu digulako. Artzeren ozendura-jokoek balio sinbolikoa dute”, nabarmendu zuen Izagirrek.

Poesiaren alorrean bakarrik ez, txalaparta berreskuratzen ere iraultzailea izan zen Artze. Anaiarekin batera hark abiatutako bidean beste pauso bat eman dute azken urteotan Oreka TXeko kideek. “Txalapartari musikaltasunaren bidea zabaldu zioten eta publiko zabalari erakutsi zioten;garai hartan egindako apostuak eraldatu egin zuen txalaparta eta guretzat erreferente izan ziren zentzu horretan”, aipatu zuen atzo taldeko Harkaitz Martínez de San Vicentek. Joxean Artzeri dagokionez, gainera, txalaparta jotzeko era nabarmendu zuen, “dantza propioa zuen, txalaparta senti-tzeko modu berezia”.

“Joan zaigu olerkari fina, musikari leberra eta kulturgile paregabea! Euskal kulturak asko zor dio letraz eta espirituz. Goian bego”, nabarmendu zuen Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak. Herriaren ondare bihurtu diren hitzengatik eskerrak eman zizkion, baita ere, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak.

Joxean Artzeren unibertsoaren interpretazio berezia egin zuten 2016an San Telmo Museoak, Mikel Laboa Katedrak eta Morgancrea estudioak Ikimilikiliklik ikuskizunean eta, omenaldi moduan, hamabi herri bisitatu ondoren Donostiara itzuliko da instalazioa apirilean. “Horrelako autore garrantzitsuari omenaldia zor zitzaion”, azaldu zuen atzo Morgancreako Asun Lasartek. Bi urte hauetan lanak ikusmina sortu duela nabarmendu zuen. “Bere letra ezagunenak Laboaren ahotsean heldu zaizkigu, baina bere lana askoz zabalagoa da. 60 eta 70. hamarkadetan sortutako ikuskizunek, poesia espazialak... garrantzi izugarria izan zuten. Ikimilikiliklik Venezian izan zen, euskal artelan bat nazioartera atera zuten”, aipatu zuen.

Alberto Lizarralde izan zen ikuskizunaren zuzendaria eta Ar-tzek diziplina anitzetan aritzeko gaitasuna nabarmendu zuen, ikuskizun sortzaile, poeta eta txalapartari moduan maisutasunez aritu baitzen. “Oso zabalak diren alorretan haren sakontasuna ikaragarria zen;artista handienetako bat joan zaigu”, gaineratu zuen.

sortzaile bereziaErakundeetako ordezkariak ere mintzatu ziren Ar-tzeren inguruan. “Gure historia txikian arrastoa utziko duen sortzailea joan zaigu”, esan zuen Bingen Zupiria Kultura sailburuak. “Haren obra geratuko zaigu, euskal poesiak, bere ibilbide laburrean, izan duen sor-tzailerik berezienetako batek edukiz, formaz eta musikalitatez oratua, gure mundu txikian”.

Gipuzkoako Aldundiak haren lirismoa azpimarratu zuen. “Gure herriaren poesia eta kantagintza garaikidearen sortzaile handia. Euskal poesian, kantuan, euskararekiko maitasunean. Gurekin bizirik jarraituko du“, esan zuen Markel Olano diputatu nagusiak. “Kategoriako pertsona joan zaigu. Esaera, esaldi eta hausnarketa oso sakonak utzi dizkigu, euskarari, haren balioari eta gure kulturari buruz, eta bihotzean gordeta ditugu guztiak”, gaineratu zuen Denis Itxaso Kultura diputatuak.

“Euskal kulturak sortzaile handi bat galdu du gaur, ugaria eta askotarikoa izan baita Artzek gure herriari, hizkuntzari, literaturari, kulturari, herrigintzari egin dion ekarpena”, aipatu zuen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, eta bere pertsona azpimarratu nahi izan zuen: “Kanpora eta barrura, begiratu erneko pertsona zen. Kanpoan ibilia bai, baina beste ezeren gainetik usurbildarra”.

Sare sozialen bidez omenaldia eskaini zioten, bestalde, hainbat eta hainbat herritarrek, haren hitzak eta olerkiak gogoratuz. Iñaki Salvador musikariak doinu berezia ere eskaini zion.

Herramientas de Contenido