Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Gezur hezurretik

Zuria zurituz

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 14 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Aurreko astean elurra egin du, urtero bezala, eta urtero bezala hainbat arazo ekarri ditu. Txikiak ginelarik elurrak poza ekarri ohi zigun nagusiki, leihotik begira jarri eta orduak eman, edo bost minutuz behin gerturatu, ea jasak etenik ba ote zuen. Kalera jaitsi eta elkarri elur bolak bota, kotxe gainetako armamentu guztia agortu arte, eta zorterik balego, mendi aldera igo lera edo plastiko poltsa batekin ipurdia harri kozkorren batekin txikitu arte. Haiek bai garaiak! ikastolara joan eta elurra eginez gero, ziur baten bat etxean gelditu zela, ezin iritsi, nahiz eta gutxietan egiten duen hemen metro erdiko elurrik. Ezin ezer esan goxo-goxo gelditu ziren horiei ordea, guk ere eginak baikenituen maindire azpian gelditzeko saiakerak, baina amaren borondatea gure nagia baina gogorragoa izaten zen eta motxila hartu eta segi, egunerokoak azken elur aztarnak ezabatu baino lehen.

Inguruko herrietakoak ere etortzen ziren gure ikastolara, eta hauetako batzuk bai, errepideak zurituta aurkitzean etxean gelditu besterik ez zuten, bizia eta autoa arriskuan jarri nahi ez bazuten behintzat. Hala ere beti izaten da norbait gauzak gaizki egonda ere, aurrera egitea erabaki-tzen duenik, aitzinean gauzak hobeki egongo direlakoan, eta helmugara iritsi nahian, bidean gelditzen dira, ez aurrera eta ez atzera. Halakorik suertatu zitzaien ehunka pertsonei Altsasun, eta herriak, ohi duen bezala, ederki erantzun zuen egoeraren aurrean, hotza berotasun bihurtuz. Baten batek Sakanako herria ez dela demonio erakusteko baliatu du jazotakoa, baina ez dut uste begiak irekitzeko balioko duenik honek, gehienok jakin baitakigu ikusi nahi ez duena baina itsu handiagorik ez dagoela munduan.

Espainian ere geratu dira zenbait autoan ez aurrera eta ez atzera elurra dela medio. eta jendeak orduak eman ditu errepidean geldi, laguntza zain, egoera konpontzeko ezer gutxi egiteko ahalmenarekin. Lotsagarri gisa azaldu zuten egoera eta jasotako laguntza eskasa, baina are lotsagarriago iruditu zait gauzak gaizki egin ostean, ardura bere gain hartzeko hainbatek izan duten jarrera. Gurpiletarako kateak zituztenak, ez zituztenei egotzi, hauek errepideko arduradunei, beste haiek dagokien politikariei, honek kamioi gidariei, eta besteren batek istripua izan duen hari. Denek izango dute erruaren zatitxoren bat, txikiagatik, baina patata beroa horrela pasatzea ez da itsusia bakarrik, lotsa emangarria baizik.

Hainbat larrialdi zerbitzuk ere zeru goia jo dute egunotako kudeaketarekin. Angliru inguruan bidean gelditu ziren gazte batzuk trabatuta, eta laguntza eskatzen zuten hamaikagarrenean, laguntza eskaini behar zuenak egun txarra izanda edo, eran-tzuna joan erantzuna etorri bere burua loriaz bete zuen, gazteei errua egotzi eta barre eginez. Eskerrak euren lana egiteko prest dauden!

Albistegiek ere aipatu zuten maiz armada erabiltzera behartuta ikusi zutela beren burua arduradunek egoeraren larriagatik;behingoagatik erabilpen bat bilatu diote behintzat berde militarrari.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia