Nekane Azpiazu, San sebastian jaietako karroza egilea

"Ikusi dutenek esan didatenez, oso karroza azpeitiarra da. Azpeitiko tokea duela"

Arkitekturako ikasle gaztea da aurtengo San Sebastian jaietako karrozaren egilea. "Lan asko" izan duela onartzen duen arren, emaitza eta harrera positiboa izango duela uste du azpeitiarrak

2018(e)ko urtarrilaren 16a, asteartea - 10:46etan eguneratua

Nekane Azpiazu, San Sebastian jaietako karroza egilea.

Nekane Azpiazu, San Sebastian jaietako karroza egilea.

Galería Noticia

Nekane Azpiazu, San Sebastian jaietako karroza egilea.

Azpeitia. Haurren danborrada ospatuko du Azpeitiko herriak larunbat. eguerdian. Ohiturari jarraituz, herriko danbor-jole txikien atzetik, karroza irtengo da. Sokamuturrak aurten 500 urte betetzen dituela aprobetxatuz, Udalak gai hori jarri zuen karroza egiteko lehiaketan eta irabazlea, Nekane Azpiazu azpeitiar gaztea izan da. Honela, Azpiazuk diseinatu eta gauzatutako lana ikusteko aukera izango dute umeen danborradaz gozatzera hurbiltzen direnek.

Zergatik erabaki zenuen aurtengo karroza lehiaketan parte hartzea? Zerk bultzatu zintuen?

Betidanik izan dut buruan parte hartzea, eta lagunek ere asko animatu naute beti aurkeztu behar nuela esanez... Egia esan ordea, ez nuen espero horrelako azkar izatea, baina ikusi nuen lehiaketa atera zuela Udalak eta gai aldetik zerbait ona egiteko aukera nuela eta beraz, aurkeztu egin nintzen. Arkitektura ikasten ari naizenez gainera, baliabideak ere gehiago nituen aurkeztu beharreko planoak eta egiteko orduan.

Sokamuturra da aurtengo gaia. Azpeitiarekin oso lotuta dagoen gaia... Gustukoa duzu sokamuturra? Erraza egin al zitzaizun ideia egitea?

Beste gai bat izango balitz aurtengo karrozarako, seguruenik parte hartzeko erabakiko nuke. Baina sokamuturra izanik, asko gustatu zitzaidan gaia, polita zela, eta orduan gogo gehiagorekin hartu nuen parte. Sokamuturra gustatzen zait, giro ederra sortzen duela herriko kaleetan uste dut, festa giro polita jartzen du.

Beste urteetan egin diren karrozak ikusi edo jarraitu dituzu?

Lehiaketan parte hartzea erabaki nuenean hasi nintzen beste urteetako lanak begiratzen.

Nola izan da lehiaketako irabazlea izan zinela jakin ondorengo prozesua?

Abenduko zubian jakinarazi zidaten lehiaketa irabazi nuela, eta beraz, asko aurreratzerik ez nuen izan. Baina aurrekontua egiteko hitz egin nuen arotzarengana joan nintzen eta egin beharrekoak ikusita, datak zehaztu genituen. Arotzarengana ia egunero joan naiz nola doan ikustera, zerbait aldatu behar bazen ere. Ondoren, karrozan joango diren umeekin egin behar izan da lana. Pentsatu nola jantzi, aurreko urteetan erabili izan diren arropak moldatu, berriak egin jostunarekin batera...

Karroza egiteko prozesua ezagutzen zenuen? Edo norbaiten laguntzarik izan duzu prozesuan zehar?

Prozesua nola joaten zen ideiarik ez nuen... lehiaketara aurkeztu beharreko planoak nola egin bai, ikasketei esker, baina beste guztian ez nekien ezer. Aurrekontuak nola egin, karroza egiteko gremioen kudeaketa... Baina jende desberdinari galdetzen ibili naiz eta ondo joan da. Ilusio handiarekin hartu det, oso gustura ibili naiz. Gainera, ikasketetan paperean gauza asko egiten ditugu baina lehenengo aldiz, nire diseinu bat errealitate bihurtuta ikustea, pozgarria da.

Asko ezin duzu esan baina, karroza nolakoa den aurreratu dezakezu?

Ikusi dutenek esan didatenez, oso karroza azpeitiarra da. Azpeitiko tokea duela. Horrez gain, kolore biziak ditu. Kaleko gaia da sokamuturra eta kaleko koloreak normalean oso ilunak izaten dira, baina horri alaitasuna ematen saiatu naiz eta festa giroa transmititzen duela esango nuke, horretan saiatu naiz behintzat.

Larunbatean ikusteko aukera izango da. Zer erreakzio espero duzu herritarren aldetik?

Gustatuko dela espero dut. Argi dut denei ezin zaiela gustatu. Polita dela eta gustatu dela entzutea gustatuko litzaidake, baina nahiko lasai nago. Bildur gehiena eguraldiak ematen dit, ea ibilbideko unean behintzat laguntzen duen!

San Sebastian jaiak gustatzen zaizkizun festak dira?

Bai, San Sebastian festak asko gustatzen zaizkit. Eta karroza egin eta gero esan dezaket, modu guztietan parte hartu dudala, umetan danborra jo eta kantinera bezala atera nin-tzen, helduetan kantinera, abanderadun eta danbor-jole atera naiz. Beraz, karroza egitea bakarrik falta zitzaidan. Eregi