Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Julian Auzmendik Argentinako irudiak erakutsiko ditu

Legazpiko argazkilariaren emanaldia gaur izango da, 20.00etan, bere herriko kultur etxean

Asier ZalduaJulian Auzmendi - Viernes, 19 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:13h

Julian Auzmendik Barilochen ateratako argazki panoramikoa.

Julian Auzmendik Barilochen ateratako argazki panoramikoa.

Galería Noticia

  • Julian Auzmendik Barilochen ateratako argazki panoramikoa.

legazpi- Julian Auzmendi argazkilari legazpiarrak Argentina airez-aire ikus-entzunezkoa emango du gaur, 20.00etan, kultur etxeko areto nagusian. Auzmendik bigarrengoz eskainiko du lan hau: azaroan aretoa txiki gelditu zen eta herritar asko kanpoan gelditu ziren.

Legazpiko argazkilaria 2016ko azaroan joan zen Argentinara, emaztearekin. “Bidaia antolatu bat hartu genuen eta 16-17 egun eman genituen bertan. Argentinako toki batzuk oso interesgarriak irudi-tzen zitzaizkigulako joan ginen bertara: Perito Moreno, Iguazu, Buenos Aires... Iguazu ezagutzeko gogoa genuen, batez ere”, azaldu du.

Hego Amerikako herrialdea asko gustatu zitzaien. “Bidaiaren zati bat lastoa izan zen eta beste bat alea, baina toki ederrak ikusi genituen. Ushuaia, Iguazu, Perito Moreno, Buenos Aires... asko gustatu zi-tzaizkigun. Iguazu ikusgarria da. Ez dago hitzetan azaltzerik. Buenos Aireseko Caminito auzoa ere oso polita da. Dena den, bidaia antolatuetan ezin dira gauzak sakon ikusi. Gainera, Argentina oso herrialde zabala da. Zazpi hegaldi egin genituen distantziak oso handiak direlako. Gustura joango ginateke berriro”.

Gaur eskainiko duen ikus-entzunezkoan, aipatutako tokiez gain, Valdes penintsulan, San Carlos de Barilochen eta El Calafaten ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira. “295 irudi erakutsiko ditut. Ikus-en-tzunezkoari Argentinako musika jarri diot: tangoak, Andeetako musika...”.

Aipatu bezala, argazki hauek azaroan erakutsi zituen lehenengoz. “Aretoa berehala bete zen eta 50 bat lagun kanpoan gelditu ziren. Bizilagun batzuk berriro egiteko eskatu zidaten eta beraien gustukoa izatea espero dut”.

Auzmendik urte asko daramatza argazkiak ateratzen eta Ikatza argazkilari elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Asko bidaiatu du eta ikus-entzunezko asko eskaini ditu. “Hurrengo emanaldia, beharbada, Paris eta Londresi buruzkoa izango da. Oraindik erakutsi gabeko Euskal Herriko argazki asko ere baditut: Enkarterrietatik Zuberoara”.

Dagoeneko erakutsi dituen ikus-entzunezkoen artean, Danubio, Grezia, Nafarroa, Kroazia eta New Yorki buruzkoak daude.

Hurrengo bidaiari dagokionez, Baltiko itsasoan kruzero bat egin nahi dute. “Danubion ere kruzero bat egin genuen. Adinean aurrera joan ahala, bidaia patsadatsuagoak nahi ditugu”.

Orain arte ikusitako tokien artean, New York eta Argentina iruditu zaizkio ikusgarrienak. New York hirigintza aldetik eta Argentina naturari dagokionez.

Herramientas de Contenido