Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

San Sebastian festak ospatuko dituzte asteburuan Urtetan

Larunbat eta iganderako herribus zerbitzu berezia jarriko du Zarauzko Udalak

Ane Roteta - Viernes, 19 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:13h

Herri kirolak Urteta auzoko festetan, duela urte batzuk.

Herri kirolak Urteta auzoko festetan, duela urte batzuk.

Galería Noticia

  • Herri kirolak Urteta auzoko festetan, duela urte batzuk.

Zarautz- Zarauzko Urteta auzoak aurten ere ospatuko ditu San Sebastian festak eta egitarau zabala antolatu du Urtetako Neska Mutil Ardoa taldeak asteburu honetarako, baita hurrengo ostiral eta larunbaterako ere.

Egitarauari bihar ekingo diote auzotarrek, eta goizeko meza nagusia (10.30), eta hamaiketakoaren ondoren, Zarautztrikeko kideak arituko dira auzoa alaitzen goizean zehar. Eguerdian, ohi bezala, antolatzaileek omenaldi bazkaria eskainiko diete auzoko edadetuei, eta gauean, berriz, Elizagoien ahizpen eskutik izango da erromeria, 23.00etatik aurrera.

Igandean ere meza nagusia eta hamaiketakoa izango dira, eta tripak ederki bete ostean herri kirolek hartuko dute protagonismoa. Hala, Izeta harrijasotzaile eskolaren eskutik, Iñigo Eizagirre Eiza, Xabier Peñagarikano Erreusta, Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola arituko dira harriak jasotzen, eta goiza amaitzeko sokatira desafioa izango da auzoko Neska Mutil Ardoaren eta ezkonduen artean. Gainera, goiz osoan zehar Aratz eta Maria trikitilariek alaituko dute giroa eta arratsaldean, 18.30ean hain zuzen ere, Elustondo anai-arreben erromeria izango da.

Hurrengo astera arte luzatuko da festa eta ostiralean auzo elkartean bertso afaria, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta erromeria izango dira eta larunbateko mus txapelketa azkarraren ondoren Hortzaka eta Fan &Go taldeen kontzertuak izango dira. Amaitzeko, auzo elkartean DJ Munan Jr. arituko da musika jar-tzen.

AUTOBUS ZERBITZUAAzken hiru urteetan bezala, Zarauzko Udalak herribus zerbitzu berezia jarriko duela jakinarazi du, jai batzordearen eskaerei erantzuna emateko. “Berrikuntza bezala, eta aurten jai egunak asteburuan izango direnez, autobus zerbitzua bi egunetan eskainiko dugu, larunbata eta igandean, hain zuzen ere”, adierazi du Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak.

Hala, bihar herribusa Maria Etxetxikiko geltokitik aterako da 9.55ean (Araba-Hegoalde, kiroldegia, Bizkaia kalea eta Azken Portu zeharkatuta), eta jaitsiera ordua 13.00etan izango da. Igandean, berriz, ibilbide bera izango da baina igoera bakarra eman beharrean, bi izango dira (9.55ean eta 11.55ean). Jaitsiera ordua bakarra izango da, 14.00etan. Gainera, berrikuntza bezala urtarrilaren 27an, hurrengo larunbatean, autobus zerbitzua izango dela aurreratu du Garrastazuk, gauez ekitaldiak ospatuko baitira. Beraz, autobusa 21.55ean aterako da Maria Etxetxikitik, eta jaitsiera ordua, aldiz, goizeko 2.00etan izango da.

Herramientas de Contenido