Erripan gora

Harresietan barna

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 21 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Mezuak agertu dira hiriburuko harresietan, azalez eta mamiz berriak, San Bartolome izeneko gotorleku txikitik -Club Natacion gainetik- Frantziako portaleraino, katedralaren gibelaldea eta Redin aldea gurutzatuta. Dozena bat dira, bortz hizkuntzatan, bortzak ere tamaina berean idatzita eta arras jakingarriak hala kanpoko nola hemengo jendearentzat. Harresiez landa, bertzelako gaiak ageri dira;guztiak ere, aspaldiko argazki ederrez hornituak. Hasteko eta bat, bi gauza txalogarri: batetik, “vasca” hitza ageri baita haietako batean, pilotari lotua, Labrit frontoiaz mintzo delarik. Hori ezinezkoa zen lehenago, hitz hori debekatua baitzegoen testu ofizialetan, duela hiru urtera arte. Konparaziora, behin batean, Donibane Garaziri buruzko argitalpen frantses bat gaztelaniaz emateko enkargua jaso ondoren, itzultzaileak “danzaris vascos” eman zuen “danseurs basques” hitzen ordain. Kontseilari jaunak, ordea, hitz hori debekatu zuen. Hainbertzeraino ailegatua baitzen zenbaiten gorrotoa (zoritxarrez, den mendrenik ere higatu gabe dirauena). Bertzetik, baskoien berragerpena nabarmendu behar da, baskoiak ere arrunt baztertuak egon baitira historia ofizialean, eta panel horietako batean argi eta garbi ageri da Iruñea baskoien hiri nagusia izan zela, eta haren gainean eraikiarazi zuela Ponpeiok hiri erromatarra. Euskarari buruzko aipamena ere agerian, katedralean aurkitutako Lingua Navarrorum agiriaren bidez;edo garai bateko lanbideak, hala nola Redingo sokagileak edota Arga bazterreko arropa-garbitzaileak (latsariak), negu gorrian nahiz uda minean, arropa uretan garbitzen;baita Iruñerriko txakolina ere, edota Ezkaba mendiko ihesaldi odoltsua, 1938ko hura. Hau da, orain arte turismo arloko baliabideetan nekez agertu diren kontuak. Aitzakia polita, beraz, harresietan barna ibili bidenabar bertzelako gauzak ikasteko.