Zirrikituetatik begira

Euskara jatorraz berriro

Ana Urkiza - 2018(e)ko urtarrilaren 22a, astelehena - 11:22etan eguneratua

Aurtengo Donostiako Danborrada ederra izan da. Probintziako eta inguruetako jende askok ikusi eta gozatu ahal izan du bertara hurbilduta asteburuan gertatu denez gero. Eguraldiak ere lagundu du, beraz, ezin kexatu.

Ustez munduan bakarra den festa hau erakusleiho bikaina da, gastronomiaz eta hondartzez gain, Donostiaren edertasun eta erakargarritasuna azpimarratzeko, batez ere, eta nire ustez, euskal herritarrentzat. Eta ekimenaz egiten den komunikazioak berebiziko garrantzia dauka. Orain dela urte asko ez dela, Danborradan parte hartzen duten umeei telebistaz egiten zaizkien elkarrizketen gainean idatzi nuen, elkarrizketa horiek gaztelaniaz nola egiten ziren galdetuz. Orain, umeei, galderak euskaraz egiten zaizkie eta salbuespenen bat kenduta, ume guztiek euskaraz erantzuten dute. Ez euskara jatorra erabiliz kasu guztietan, ezta zuzena ere, beste askotan, baina tira, euskaraz ikasten duten seinale edo lekuko dira hauei egindako elkarrizketak.

Aurtengoan, plazerez entzun ditudala esan dezaket San Patricio ikastetxeko Easo Ederra eta Generalaren Danborrada hasi aurreko hi-tzak: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, hiru hizkuntzetan, bikain. Ez, hainbeste, ordea, telebista bidez eskaini ziren tarteko elkarrizketetan erabilitako euskara. A mugatzailea zegokien hitzei kenduta batzuetan, ez zegokien hitzei jarrita besteetan, Donostiari ere "Donosti" deituaz behin eta berriz, abizenei gaztelerako doinua erantsiz, eta umeei "txatxi pasatu", "super guay dago", eta an-tzekoak zuzenduz.

Ikus-entzule erdaldunak euskarazko emanaldietara erakarri ahal izateko, argi dago keinu batzuk egitea lagungarri gerta daitekeela baina euskara jatorra darabilen hiztuna, berak aho mingainean darabilen baino euskara kaskarragoa entzuteaz gogaitu eta haserretu egiten da. Horrelakoek, delako komunikabidea alde batera uzteko gogoa baizik ez dute pizten.