bertako gaia

Txistulari alardea bizi bizirik

Idiazabalgo txistulari alardeak, festen bueltan, kontzertua eskaintzen du Zelaa kiroldegian. Bihar iluntzerako egitarau berezia antolatu dute 25. urteurrena ospatzeko eta partaideek sorpresak egongo direla ere aurreratu dute.

M. Aranburu - Viernes, 26 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Naxario Telleria, artxiboko irudi batean, txistulariekin batera herrian barrena.

Naxario Telleria, artxiboko irudi batean, txistulariekin batera herrian barrena.

Galería Noticia

Naxario Telleria, artxiboko irudi batean, txistulariekin batera herrian barrena.

Hogeita bost urtean, hutsik egin gabe, Idiazabalgo txistulari alardeak herria musikaz bete izan du. Bihar bertan eskainiko dute berriz ere urteroko emanaldia, Zelaa kiroldegian, 20.00-etan hasita. Beti saiatzen dira saio berezi honetarako kantu berriak ekartzen, baina aurreratu dutenez, aurtengoan sorpresa ugari egongo dira urtemuga ospatzeko.

Naxario Telleria alardearen biho-tza dela esan daiteke. Txistua, eta orohar musika, betidanik present izan ditu haren bizitzan eta urteak aurrera egin arren, hala izaten jarraitzen du. “Egun batean, Donostian ikusi nuen alarde bat kontzertu bat eskaintzen eta ideia hortik hartu nuen. Herrian nola egin pentsatu eta halaxe hasi ginen”, agertu du Telleriak.

Lehenengo emanaldia kiroldegian bertan egin zen 1993. urtean, eta hala egiten jarraitu dute. Lehen edizio hartako programa, partiturak eta baita kopiak ere Telleriak berak osatu zituen. Oroitzapen ederra gorde-tzen du: “arrakasta handia izan zen, sila guztiak bete ziren. Nik uste hasieratik tiradizo handia izan duela alardeak eta jendeak oso gustura hartzen duen ekitaldia dela”.

orduko musikaEgia da txistulariak hainbat herrietan egon izan direla, baina azken urteetan horien beherakadaz ere aritu da Naxario. “Garai batean igandeetan ere txistua jotzen ibiltzen ginen herrian. Goizeko 8.00etan ateratzen ginen, bertako kaleetan itzulia egitera. Arratsaldeetan, berriz, bi emanaldi egiten genituen plazan, biak dantzara zuzenduak. Jende asko inguratzen zen”. Orduan, Telleria haren aita Naxario eta osaba Vittorianorekin ateratzen zen txistua jotzen. “Baina ez pentsa, txistulari talde asko desagertu dira edo emanaldiak egiteari utzi diote. Guk urtez urte hortxe jarraitu dugu, hutsik egin gabe, eta hori pozteko nahikoa arrazoi da”. Hala ere, orain berriz ere instrumentu honekiko afizioa goraka doala ere uste du: “jende gehiago etortzen da orain alardea ikustera. Garai hartan, hau guztia hasi zenean, ni nintzen herriko musika eskola eta nirekin ikasten zuten txistua jotzen, baina orain ikasleak dauden musika eskoletara joaten dira. Gainera, egia da instrumentu askoren artean aukeratu ahal dutela eta ez dela erraza izaten hori ere”.

Xabi Elortza idiazabaldarra txistua jotzen duela hogei urte inguru hasi zen eta beste gehienen kasuan bezala, Telleria izan zuen irakasle. “Oroi-tzen naiz gurasoek esan ziotela Naxariori ea erakutsiko zidan txistua, eta ordutik harekin nabil”, nabarmendu du. Egun, idiazabalgo taldean bederatzi lagun inguru daudela ere azaldu du eta urtean zehar egiten dituzten emanaldien inguruan aritu da: “hogei joaldi inguru egiten ditugu, baina alardea izan daiteke horietako bereziena”.

guztien arteko elkarlanaKiroldegiko taula gainera hainbat lekutako txistulariak etorriko dira. “Hamasei bat herritakoak etorriko dira, Urruñakoak ere bai”, zehaztu du Telleriak.

Joko duten programaz ere hitz egin dute bi txistulariek. Hala agertu du Elortzak: “estilo desberdinak sar-tzen ditugu, klasikoak badu bere lekua baina bestelakoek ere bai;adibidez, rock-a”. Iñaki, Naxario Telleriaren semea aritzen da emanaldia zuzentzen, baina bi pieza haren aitak zuzenduko ditu, ohitura denez. “Gernika eta Idiazabalgo Danborrada kantuak nik zuzentzen ditut”, zehaztu du. Iñaki Telleria zuzendari izateak ikuskizunaren kalitatean “izugarrizko eragina” izan duela aitortzen dute biek. Izan ere, besteak beste, Musikenen perkusioan lizentziatua da eta musikan erreferente. “Moldaketak eta berak egiten ditu, lan izugarria hartuz”, agertu du haren aitak.

eskerrakNaxario Telleria hitzik gabe uztea ez da erraza, baina 2012. urtean halaxe gertatu zen. “Omenaldia egin zidaten. Alardea hasi baino lehen txistulari ohiak, nire ikasleak izandakoak edo nirekin ikasi zutenak taula gainera igo eta kantu ba-tzuk jo zituzten. Ezin nuen sinetsi, ez nuen inolaz ere horrelakorik espero. Asko hunkitu ninduen horrek”.

Eta horrela, txistulari ohi horiek ere izaten dute haien lekua emankizunean. Horixe da, finean, helburua: txistulari bezala ibilitakoak, orain jotzen ibiltzen direnak eta musika eskolan dabiltzanak elkartzea. Horregatik, ia ehun pertsona inguruk parte hartuko dute aurtengo urteurrenean. Eta jende asko den arren taula gainean egoteko, ikusleak ere ez dira motz gelditzen. “Zaila da kontuak ateratzea baino 600 lagun inguru etor-tzen dira ikustera. Hori Idiazabal bezalako herri batentzat izugarria da, ia herri laurdena mugitzen da gu ikustera”, adierazi du Elortzak.

Hau guztia hilabeteak prestatzen egon ostean, bihar izango dute egun handia. 19.30ean txistulari ohiak Xume taberna paretik atera eta kiroldegira arte igoko dira txistua jotzen. Bertan, 20.00etan hasiko da emanaldi nagusia. “Zaila da maila hobetzea, jendeak urtero esaten digu urte horretakoa izan dela ediziorik onena, ezin dela hobetu. Espero dugu biharkoagatik ere berdina esatea eta guztiak txistuaz eta musikaz gozatzeko aukera izatea”, amaitu du Telleriak.