Xanti Rodriguez | 'Irteera' filmaren zuzendaria

“Ez naiz oso zalea, baina pelikula egiteak sokamuturra beste ikuspuntu batetik ikustera eraman nau”

Azpeitiko sukamuturrak 500 urte betetzen ditu eta data berezirako 'Irteera' filma zuzendu du Xanti Rodriguezek. Gaur 18:30ean aurkeztuko da Soreasun

Eregi - 2018(e)ko urtarrilaren 27a, larunbata - 10:13etan eguneratua

Xanti Rodriguez

Xanti Rodriguez.

Galería Noticia

Xanti Rodriguez

Noiz eta nola hasi zen pelikula egitearen proiektua?

-Orain urtebete gutxi gorabehera izango da, sokamuturraren 500. urteurrenerako osatutako Herri Ba-tzordeak deitu nindutela filma egiteko eskatzeko. Bilera bat egin genuen eta hasiera hartan oraindik ez zeuden seguru zer egin nahi zuten, dokumental luze bat egina zuten eta. Horregatik, bertako pertsonak aktore bezala erabiliz, Inauterietako igandeko sokamuturra gaia hartzea erabaki genuen. Hala, ganaduzaleak, sokamutila, sokamutur zalea... ikuspuntu desberdinetatik hartuta plazaratu nahi izan dugu une hori.

Nola gauzatu duzue grabaketa? Nola izan da prozesua?

-Prozesua egia esan, berezia izan da. Pelikulako azken irudiak, lehenak izan baitziren grabatzen. Iazko Inauteri Igandeko sokamuturra aprobetxatu genuen, eta egia esan oso zaila izan zen. Oso denbora gutxi izan genuen momentu hori preparatzeko, baina gero denbora asko gainontzeko grabaketak egiteko, ganadutegira joateko edo sokamutilaren irudiak grabatzeko adibidez. Prozesua, beraz, lasaia izan da baina era berean, hasiera estresagarria.

Grabaketaren unerik zailena esan daiteke zezenaren irteera izan zela? Ezin baita jakin zer egingo duen, ezta? Eta errazena?

-Zailena zuzeneko sokamuturra. Benetako momentua zen, zer gertatuko den edo nola jokatuko duen jakin gabe, eta kamera asko ginen eta horiek denak koordinatzea oso zaila izan zen. Esan dezakezu kamera bakoitza non jarri, baina zezenak nahi duena egiten du gero. Eta egia da Azpeitian egun horretan festan dabilen jendeak ere ez duela asko laguntzen (kar kar). Beste dena oso erraza izan da, aurretik planning bat egiteko aukera duzu eta hori jarrai-tzea besterik ez da.

Nola deskribatuko zenuke ‘Irteera' filma?

-Epiko puntua du. 24 minutuko ekoizpena da, baina estilo zinematografikoa eman nahi genion. Horregatik, musika konpositore bat kontratatu zen espreski horretarako, Tristán Iñiguez. Hasierako kredituak ere gaur egungo serie batekoak bezala landuta daude, kamara makalean eta musika epikoarekin. Ikutu hori eman nahi izan zaio baina Azpeitiko bandaren musika ere sartu da, nahasketa sortuz.

Emaitzarekin gustura gelditu zara?

-Bai! Beti pentsatzen duzu ai, aldatuko nuke hori edo bestea. Baina oso gustura nago.

Azpeitiarra zara. Sokamuturra gustatzen zaizu?

-Ba egia esan, ez naiz oso zalea... Baina azken finean horrek ez du ezer esan nahi. Gainera, filma egiteak zerbaiterako balio izan badit, sokamuturra beste ikuspuntu batetik ikusteko izan da. Askotan, zalea edo kritikoa bazara gauza bati indar asko ematen diozu eta beste batekin itsutu egiten zara. Baina urtebete honetan ez nekizkien gauza asko ikasi ditut edota aurrez ez nituenak baloratzen, baloratzen jakin izan dut. Orain beste begi batzuekin ikusten dut.

Zer espero duzu gaurko estreinaldiaz?

-Soreasu goraino betetzea. Herriarentzat oso polita dela uste dut, herritar asko bertan agertzen dira gainera. Iazko sokamuturrean egon zena, filmean azalduko da. Bakoi-tzak bere protagonismoa du eta hori garrantzitsua dela uste dut. - Eregi

Últimas Noticias Multimedia