Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Justizia eta beste postre batzuk

Aitzol Elizaran - Domingo, 28 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Aitzol Elizaran

Galería Noticia

Aitzol Elizaran

Imajinaezina egiten zait inguruko lagun edo familiakoren bat bortxaz galtzearen mina. Pentsaezina ere maite duzun zerbait galtzean barruan sentitu dezakezun amorru edo gorrotoa, batez ere beste gizabanako batek ebatsi dizunean zurekin nahi zenuen hori. Bizi arte ezin azaldu horrelako sentipenik, eta behin pasata ere, zaila izango da hi-tzez azaltzea, beste hainbatetan bezala, gutxi batzuek baitute barruan duguna argi eta garbi kanporatzeko abilezia hori.

Krudeltasun horren aurka egin nahi, eta bihotzak mendekua besterik eskatzen ez digunean, arrazoiak eta zentzuak atzera egiten dute, eta horrelako egoera mingarrietan, pertsona batek beste batentzat zigorrik handiena besterik ezin dezake opa. Hori guztiok uler dezakegu, eta zilegi iruditzen zaigu, gehienoi behinik behin. Baina ulertu beharko genuke, analisi arrazionalago bat eginez, momentu horietan adierazitakoak ez duela gizakiaren berezko borondatea irudikatzen, beroaldia baizik. Barruko min hauetako batzuk laburrak izan daitezke, beste batzuk biziartekoak.

Biziartekoak dira ere hilketa edo ankerkeria egoera baten ostean garrasika eskatu ohi diren zigorrak, edo harago, jendearen heriotza ere eskatu ohi da, justiziaren izenean. Justizia hori bera da ordea horrelakorik bermatzen ez duena, eta ikuspuntu ilustratu batetik, hala behar luke. Alegia, legedia hoztasun osoz idatzia eta aplikatua izan behar da, eta egoerarik anker eta maltzurrenean ere hala jokatu beharko luke;eta bestela, har ditzagun eskuare eta argi zuziak eta goazen ba jendea sutan erretzera.

Azkenaldian ordea onartzen dut hainbat egoera ez zaizkigula ulergarri gertatzen, edo hobeki esanda, ez zaizkigu justuak iruditzen. Hark kartzela zigor luzeagoa merezi du, hark heriotza besterik ez, eta beste hau aldiz ia ondoriorik gabe aterako da, sekulakoak egin eta gero. Legeak aldatzea zilegi da, noski, baina inoiz ezin du izan beroaldi baten ondorio, preseski kontrakoa baizik, hotzean eta guztiok adostuta aldatu beharrekoak dira. Horrek egiten gaitu gizaki, horrek bereizten du justizia mendeku hutsetik.

Amak mutikoari zaplazteko bat ematea gaitzesten dugu, edo gutxienez zalantza sortzen du gugan, baina gero putakume hori kartzelan ustel dadin eskatzen dugu, eta ez al dute lehenago harrapatuko kaletik eta merezi duen astindua eman, ongi emana gainera. Postrerako morala aipatzen zigun unibertsitateko irakasle batek maiz honen harira, gauza batzuekin asaldatu eta beste batzuetaz paso egiten genuenean, alegia, gure morala aldatu egiten zela gaiaren arabera, eta horrelakoetan postrerako justizia datorkit burura niri, gai garelako epaiak alde batera eta bestera emateko, sortzen digun haserrearen arabera.