Erripan gora

300 txarteldun gehiago

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 28 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

Ez dira baretu joan den udazkenak ekarritako planaren inguruko harrabotsak. Denda-jabeak, oro har, kexu dira, aunitzez ere jende gutxiago omen baitabil Alde Zaharreko karriketan. Bertze zenbaitek, ordea, ezetz erran dute, ez dela horrenbertzerako, eta politikaren beso luzea suma daitekeela zenbaiten adierazpenetan, gibel-asmoz ari direlakoan. Nolanahi den, azkenaldian bertze solasik ere bada Sarasate pasealekuaren eta harresien arteko karrika meharretan, denden afera hori hari-muturretako bat bertzerik ez baita, gehiago baitira, eta plantakoak. Konparazio batera, arras nabarmena da autoa aparkatzeko toki gutxiago dagoela Alde Zaharreko auzokideentzat, iragan urritik honat, bi arrazoi direla medio: batetik, toki franko kendu dituztelakoz, eta bertzetik, orain, askoz ere jende gehiagok duelakoz autoa uzteko eskubidea non eta Alde Zaharreko jendeak aparkatu dezakeen lekuetan. Izan ere, plana indarrean sartu zenetik, hirurehun txartel gehiago banatu dira, hau da, hirurehun txarteldun berrik dute autoa aparkatzeko eskubidea. Horrelaxe aitortu die zinegotzi arduradunak azalpen eske joandako auzokide kezkatuei. Horrexek hankaz goratu du dena, eta sumina piztu. Ederki dakigu jendeak, lehenbizi, oinez egin beharko lukeela bidea, eta gero, zangoen gainean;edo bertzenaz, txirrindulaz edo billabesaz. Predikari sutsuak ditugu. Zaila da, ordea, zaila denez, ohiturak alda-tzea;are gutxiago ortzegun-ortziral honetako erauntsiak ikusita. Errazagoa da, ordea, konponbide bat aurkitzea, edo izan beharko luke, zorioneko planean zenbait aldaketa sartuta. Untzuko hostelaren auzian, adibidez, gogoz ari da udal aginte taldea proiektua geldiarazi nahian, eta hori eskertzekoa da. Bada, Untzuko afera gaitzean bezain borondate sendoa agertzen badu aparkalekuen arazoan, gauzak bere onera etorriko dira.