Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek hamaika proposamen hautatu ditu unibertsitateko komunitateak erakundearen bizitza kulturala aberasteko egindakoen artean

Proiektu saridunak literatura, antzerki, zinema, zientzia-dibulgazio eta kirol arloetako ekimenak dira, eta ikasturte honetan egingo dira

d.n. - 2018(e)ko urtarrilaren 30a, asteartea - 22:22etan eguneratua

Representantes de los proyectos premiados. De izda. a dcha, los estudiantes Óscar Julen Del Río, Carlos Lezáun, Iñaki Ruiz y Daniel Cerezo (Interteleco) y los profesores Leticia Jericó, Silvia Díaz, Gurutze Pérez, Mª Esther Ezquerro, Julen Llorens y Txema

Representantes de los proyectos premiados. De izda. a dcha, los estudiantes Óscar Julen Del Río, Carlos Lezáun, Iñaki Ruiz y Daniel Cerezo (Interteleco) y los profesores Leticia Jericó, Silvia Díaz, Gurutze Pérez, Mª Esther Ezquerro, Julen Llorens y Txema Uribe. (Cedida)

Galería Noticia

Representantes de los proyectos premiados. De izda. a dcha, los estudiantes Óscar Julen Del Río, Carlos Lezáun, Iñaki Ruiz y Daniel Cerezo (Interteleco) y los profesores Leticia Jericó, Silvia Díaz, Gurutze Pérez, Mª Esther Ezquerro, Julen Llorens y Txema

IRUÑEA. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamaika proposamen hautatu ditu 2018ko Kultura Proiektuen deialdian. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du deialdia Kultura eta Kiroletako Unitatearen bidez, eta sariketaren ebazpena 2017aren bukaeran eman da ezagutzera. Deialdiaren helburua unibertsitateko komunitatearen (ikasleen, Irakasle-Ikertzaileen eta AZLen) ekintzak saritzea da, ikasturte honetan zehar erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartera hurbiltzera bideratutako ekintzak, hain zuzen.

Hona hemen zer proiektuk irabazi duten saria, eta nork aurkeztu dituen: “Justizia eta zuzenbidea Eduardo Mendozaren obran” gaiari buruzko literatura-topagunea eta mintegia, biak José F. Alenza Garcíarenak;“Bizimodua aldatuko diguten teknologiak” hitzaldi-zikloa, Silvia Díaz Lucasena;“Lehen Mundu Gerra eta haren ondorioak” zikloa, Begoña Espoz Gonzálezena;“Zainketaren irudiak” erakusketa, María Esther Ezquerro Rodríguezen eta Blanca Marín Fernándezen ekimena;“Mikrokontakizun Juridikoen III. Kafka Saria”, Leticia Jericó Ojerrena;“Zinema &Lana”, Julen Llorens Espadarena;“Nik emakume zientzialaria izan nahi dut” antzezlana, Miren Gurutze Pérez Artiedarena;eta “Askeak, azkenera arte”, Txema Uribe Oyarbideren ekimena.

Irakasleek aurkeztu dituzte proiektu horiek guztiak, bat izan ezik: “Lehen Mundu Gerra eta haren ondorioak” zikloa, zeina Liburutegiko langileek eta Unibertsitateko Geografia eta Historia Sailak diseinatu baitute elkarlanean. Horiez gainera, Daniel Cerezo San Martín ikaslearen “Interteleko 2018” kirol-lehiaketa eta Fátima Maelainin Embarek ikaslearen “Saharako ipuin-kontalaria” ere hautatu dituzte deialdian.

Jarduerak aukeratzeko, horiek zenbait balio sustatzeko duten gaitasuna hartu da kontuan, hala nola sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, aniztasuna, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, iraunkortasuna eta, oro har, ingurunearekiko ardura. Proiektuek zer eduki dituzten eta noiz egingo diren jakin nahi izanez gero, sartu Unibertsitatearen webgunean edo jarri harremanetan Kultura eta Kiroletako Unitatearekin (948 16 84 78 telefonora deituz edo actividades.culturales@unavarra.es helbide elektronikora idatziz).

Aipatutako proiektuetako zenbait egin izan dira aurreko urteetan ere, esaterako, Kafka Saria, zeinak hirugarren edizioa baitu aurtengoa, eta Zainketaren irudiak erakusketa;beste zenbait, aldiz, berriak dira. “Bizimodua aldatuko diguten teknologiak” izeneko hitzaldiak teoriko-praktikoak izango dira, eta gaur egun punta-puntakoak eta berritzaileak diren gaiak landuko dituzte, besteak beste, ibilgailu konektatua eta grabitazio-uhinak. Bestetik, “Nik emakume zientzialaria izan nahi dut” antzezlanak emakumezko zientzialari garrantzitsuenen bizitzak emango ditu ezagutzera;“Lehen Mundu Gerra eta haren ondorioak” zikloak gerraren izugarrikeriak erakutsiko ditu filmen, eleberrien eta hitzaldien bidez, gerra hura bukatu zenetik 100 urte bete diren honetan;eta “Askeak, azkenera arte” ekimenak gogoeta eginarazten du norberak noiz eta nola hil nahi duen erabakitzeko eskubideari buruz eta hori duintasunez egiteko behar diren baliabideei buruz.

Ikasleen kategoriako proiektuak otsailean egingo dira: “Saharako ipuin-kontalaria” ekimenak saharar herriaren errealitatea ezagutaraziko die Unibertsitateko komunitateko kideei otsailaren 13an eta 14an;“Interteleko 2018” kirol-lehiaketa bat da, eta Espainiako Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasleek har dezakete parte. Ehunka ikasle biltzen ditu urtero lehiaketa horrek, eta Iruñean egingo da, aurten, lehenbizikoz, otsailaren 20tik 25era.

etiquetas: euskera, nup