Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Alde Zaharra, bizitzeko

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 4 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

Aste honetan, goia jo du udal planaren inguruko zalapartak, erarik itsusienean, gainera. Mehatxu hitza ere sartu da tartean, horrek botoak biltzen lagunduko duelakoan, edota egungo udal aginte taldea higa-tzeko tresna baliosa delakoan. Zenbaitek ez dute atera nahi eskema zahar herdoilduetatik, garai bateko giro itogarria amets, eta iduri du bazterrak nahasteko bide berari eutsiko diotela, ez baitakite bertzerik egiten. Udalak plan bat onetsi du. Planak aldaketa handiak eragin ditu, batzuk onak, bertze batzuk ez hain onak. Orain, 500 herritar gehiagok dute Alde Zaharrean aparkatzeko txartela;horrek sekulako desoreka sortu du, eta auzo zaharreko jendeak hamaika itzulinguru egin behar ditu tokia aurkitu baino lehen. Hala ere, denden inguruko harrabotsa nagusitu zaio bertze aferari. Zilegi da dendetan afixak paratzea udal plana kritikatzeko, eta kanpaina horren edukia ikusita, zilegi da huraxe kritikatzea, eta denda horietan ez sartzea. Hori ez da mehatxu egitea. Bada gibelasmoz ari den denda handirik, eta bada asmo onez ari den denda txikirik, egiazki bezero jaitsiera handia nabaritu dutelako. Bitartean, badira Alde Zaharrari buruzko datu kezkagarriak, egunkari honetan berean argitaratuak, baina eztabaidaren erdigunean agertzen ez direnak: 5 urtetik beheko haurrak %35 gutxiago dira duela hamar urte baino, eta azken urtebetean, adin talde horrek %10 egin du behera. Datuak “Bizitzeko Alde Zaharra” izeneko talde sortu berriak eman ditu, joan den urrian osatu baitzen, auzoak zer-nolako bidea daraman kezkaturik. Bikote gazteek harresiz kanpoaldera alde egiten dute haurrak izan ondoren;jostalekuak gutxi, kiroldegirik ez, ezta zerbitzu egokirik ere, ez haurrendako, ez gazteendako, ez adinekoendako;molde berriko ostalaritzak ekarritako ezin egona, hostelaren mehatxua, etab. Udalak badu zer egin;ea heltzen dion.

Herramientas de Contenido