Zirrikituetatik begira

Dagokiguna

Ana Urkiza - 2018(e)ko otsailaren 5a, astelehena - 11:42etan eguneratua

Asteon, Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan, Txomin Agirre idazle ondarroarraren Kresala eleberri klasikoa izango da aztergai. Eta han eskaini beharrekoak prestatzen ari naizela, hara non, literaturak eta futbolak non bat egiten duten.

Ondarroako Iñigo Martinez futbolariak, Erreala utzi eta Athletikera joatea erabaki du eta albisteak bazterrak nahastu baditu, are gehiago, Istagramen argitaratutako bere agur hitzek, ondarroarrez idatzi baititu. Ondarroarrez idatzi daiteke edo batueraz egin behar zuen? Agirrek, Kresala bizkaieraz idatzi zuen, nahiz eta eredu gisa, Ondarroako hizkeraren bizitasunean oinarritu zen. Ondoren, Augustin Zubikaraik ere, Agirrek irekitako bideari jarraituz, bizkaieraz idatziko zuen, nahiz eta azken honek ere, sekulako ahaleginak egingo zituen Ondarroako lexikoaren aberastasuna txertatzeko bere bizkaiera jasoari. Bizkaieraren defentsan, besteak beste, Euskerazaintza elkartea sortuko zuen.

Bai Agirrek eta bai Zubikaraik Ondarroa biziki maite izan zuten eta beren herriaren nortasuna goraipatu eta bultzatu nahi izan zuten. Eta lortu zutela esatera ausartuko nintzateke.

Ondarroa herri ezaguna eta miretsia da Euskal Herrian, besteak beste, bere hizkeraren edertasunagatik eta herritarren erabilera mailagatik. Halako 100 herri bagenitu Euskal Herrian, euskararen gaineko arazoak besterik lirateke.

Hala ere, Ondarroa ez da Agirreren eta Zubikarairen Arranondo eta Ondardi. Ez da literatura-lan bateko espazio. Eta bertako herritarrak ere ez dira fikziozkoak, paperaren gainean jainkotu daitezkeenak.

Ondarroa, bere balizko ekarpen onuragarri guztiekin, Euskal Herriaren parte da. Eta bere hizkera baita ere. Ondarroak batuari ekarpen handiak dizkio egiteko eta Martinezek Istagramen berak nahi duen hizkera erabili dezake;baina euskal herritarrak baditugu jomuga, batueraz idaztea dagokigu, ondarroarraren aberastasuna batuaren barruan txertatuz.