Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Intsektu-hazkuntzarekin eta -kontsumoarekin lotutako irakasgaiak dituzte aurten NUP-eko hogei bat ikaslek

“Entomofagia” eta “Insect Farming” irakasgaiak aukerakoak dira Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET)

unavarra.es - Lunes, 5 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 11:10h

Biointsektizida Mikrobianoak ikerketa-taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Rosa Murillo, Iñigo Ruiz Escudero, Delia Muñoz, Primitivo Caballero eta Iñigo Arozarena.

Biointsektizida Mikrobianoak ikerketa-taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Rosa Murillo, Iñigo Ruiz Escudero, Delia Muñoz, Primitivo Caballero eta Iñigo Arozarena. (CEDIDA)

Galería Noticia

  • Biointsektizida Mikrobianoak ikerketa-taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Rosa Murillo, Iñigo Ruiz Escudero, Delia Muñoz, Primitivo Caballero eta Iñigo Arozarena.

NAFARROA. Hogei ikasle inguru ari dira aurten intsektu-hazkuntzarekin eta -kontsumoarekin lotura duten eta NUPek eskaintzen dituen irakasgaiak ikasten. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) titulazioetan irakasten dira biak, Entomofagia eta Insect Farming (intsektu-hazkuntza) izenekoak dira. Lehena aukerako irakasgaia da Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduan;bigarrena, berriz, online eta ingelesez ematen da titulazio horretan eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan. Biointsektizida Mikrobianoak ikerketa-taldean egindako lanari esker eskaintzen dira irakasgai horiek NUPen. Ikerketa-taldearen burua Primitivo Caballero Murillo katedraduna da, eta taldeko beste ikertzaileak Delia Muñoz Labiano, Rosa Murillo Pérez eta Iñigo Ruiz de Escudero Fuentemilla dira, denak ere Nekazaritzako Ekoizpeneko Sailekoak.

Gainera, Iñigo Arozarena Martinicorena Elikagaien Teknologia Saileko irakasleak ere laguntzen du lanak zuzentzen. Berri samarrak dira bi irakasgaiak: Entomofagia izenekoa 2015/2016 ikasturtean hasi zen;Insect Farming, aldiz, 2016/2017 ikasturtean. Elikagai-industriak gero eta interes handiagoa du –eta, hortaz, baita ikasleek ere, gerora industria horretan lan egingo baitute– intsektuak lehengai dituzten elikagaiak produzitzeko, gizakien kontsumorako. Aipatu beharra dago 2018ko urtarrilaren 1ean Europako araudi batek (ingelesez, Novel Foods Regulation) hartu zuela indarra –2015eko azaroan onetsi zuten–, zeinak aukera ematen baitie EBko enpresei baimena eska dezaten halako produktuak prestatzeko eta merkaturatzeko. Delia Muñoz ikertzaileak azaltzen duen moduan, Espainian, orain arte, maskota intsektujaleentzako (esaterako, narrastientzako eta hegaztientzako) elikagaiak bakarrik produzi zitezkeen;Europako beste zenbait herrialdetan, ordea, Herbehereetan eta Belgikan, adibidez, baimenduta zegoen gizakientzako janari mota hori ekoiztea.

NUPeko intsektutegia eta intsektuekin ikertzea

Gaur egun, hamabi espezie inguru daude NUPeko intsektutegian, eta biointsektizidak ikertzeko erabiltzen dira batik bat. Biointsektizidek intsektuen patogenoak erabiltzen dituzte substantzia kimikoak erabili beharrean, ekologikoki jasangarriagoak diren produktuak egiteko eta gizakien substantzia toxikoekiko gainesposizioa txikitzeko. Bada, intsektutegian lan egiten dute gehienbat ikerketa taldeko kideek, laginak prestatzen dituzten laborategiko hiru teknikarirekin batera. Azken urteetan elikagaiak ekoizteko intsektu-hazkuntza ere ari dira ikertzen, gorago aipatu bezala.

Gai horren inguruan ikasleek berriki egindako ikasketa amaierako lanen artean, aipagarria da bat. Izan ere, lanaren ikergaia da intsektuei ematen zaien elikadurak nolako eragina duen intsektuek gero izaten dituzten nutrienteetan;zehazki, barazki-hondarrak –azenario- edo brokoli-hondarrak, zeinek aukera ematen baitute ekonomia zirkularreko sistemetan integratzeko– eman zitzaizkien intsektuei, egiaztatzeko, baietz, lotura zuzena zutela bi alderdi horiek. Aipatu beharra dago janari-hondarrak maskotak elikatzeko baino ezin direla erabili, sekula ez gizakiak elikatzeko. Bestalde, “Tenebrio molitor” baliatuz lortutako irinarekin ere ari dira aldizka ikerketak egiten gizakien elikagaiak prestatzeko.

Espezie horri irin-har ere deitzen zaio, koleoptero bat da, eta larba egoeran da ezagunagoa. Delia Muñoz ikertzaileak dioenez, balio nutritibo interesgarriak dituzte intsektuek, zehatz-mehatz, proteina eta gantz osasungarrien kantitate handia dute, eta ekologikoki iraunkorrak dira, gainera, elikagai gisa. “Hori dela eta, modu kontrolatu eta egokian hazitako eta merkaturatutako intsektuen kontsumoa gomendatu egiten du FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea)”, azpimarratu du.

Herramientas de Contenido

etiquetas: upna, nafarroa