Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Udalaren ustez, ezbehar-tasaren bilakaerak Iruñean zirkulazioa gutxitzeko eta abiadura murrizteko beharra egiaztatzen du

Hiri-plan baten aldeko apustua egiten du, kontrol-neurriekin eta azpiegitura, hezkuntza eta arauen ingurukoak aintzat hartzen dituzten beste hainbatekin , 2017ko 2.722 istripuak murrizte aldera

Lunes, 5 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 20:53h

Iruñeko Udalak hirian dauden oinezkoendako 3.000 pasabideak inbentariatuko ditu, haien segurtasun-maila neurtu eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartze aldera. Fitxa guztiekin oinezkoendako pasabide seguruen katalogo bat egingo da, haien ezarpenari bide emateko, ikastetxeen inguruetan daudenetatik hasita. Neurria gaur goizean aurkeztu da Mugikortasuneko Batzordean, globalki jarduteko plan baten barruan, zeinak aintzat hartuko baititu kontrol-neurriak eta azpiegitura hezkuntza eta arauen inguruko beste zenbait, azken urteotan erregistratutako ezbehar-tasaren joera alderantzikatze aldera.

Ezbehar-tasaren datuen arabera, 2017an, Iruñean, 2.558 istripu eta 164 harrapatze izan ziren. 2016ko datuekin alderatuta, , % 6,5ko igoera egon da, orduan 2.409 istripu eta 145 harrapatze izan baitziren. Azken hamar urteetako bilakaerari erreparatuz gero, Iruñeko ezbehar-tasa 2010ekoaren pare izatera bueltatu da (urte hartan 2.757 istripu izan ziren). Gero, joera beherakorra izan zen, eta 2013an hondoa jo zuen (1.923 istripu). Orduz geroztik gora egin du berriz ere, egungo kopuruetara heldu arte. 2017ko 2.722 istripuek 5 hildako, 43 zauritu larri eta 585 zauritu arin utzi zituzten.

Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek gaur aurkeztu ditu prentsaurrekoan datu horiek eta Bide Segurtasuneko Planaren eta Udalaren mugikortasun politikaren barruan egindako azterketa. Istripu-tasaren datuen bilakaeragatik arduratuta agertu da zinegotzia, eta, aldi berean, Iruña “30hiria” bihurtzeko Udalaren konpromisoa berretsi du. Zinegotziarentzat datuek argi uzten dute “bi norabidetan ausarki jardun behar dugula: hiriko zirkulazioa gutxitzeko neurrietan, eta abiadura murrizteko araudian, prestatzen ari garen Mugikortasuneko Ordenantzaren proiektuak ezartzen duen ildoari jarraiki”. Beste hiri batzuk hartuko dira eredu gisa. Adibidez, Pontevedra, non lortu baita urtean 0 hildako egotea zirkulazio-istripuen ondorioz. Gómezek azaldu duenez, ezbehar-tasaren joera horri buelta emateko estrategiak “globala eta aldiberekoa” izan behar du, “azpiegiturak, oinezkoendako pasabideak, kontrolak, bide-heziketa eta arauak aintzat hartzen dituzten ekintzak uztartuta, halako moduan non istripuaren zioetan eragin ezin den lekuetan, behintzat istripuaren ondorioengan eragin ahal izango den”.

2005az geroztik Iruñeak maila bat behera egin du hildakoen kopuruan

2017an bost lagun zendu ziren hirian zirkulazio-istripuen ondorioz. Horietako lau oinezkoak ziren, eta bestea motor-gidaria. Lagun horietako bi semafororik gabeko oinezkoendako pasabideetan harrapatu zituzten, non lehentasuna baitzuten;beste bat semaforoz erregulatutako oinezkoendako pasabide batean, zeina gorri baitzegoen oinezkoarentzat;eta laugarrena, horretarako zedarrituta ez zegoen toki batetik gurutzatzean, tartean sartutako ibilgailuak atzera egiten zuen bitartean. Bosgarren hildakoa motor-gidari bat izan zen, zeinak ibilgailuaren kontrola galdu baitzuen, abiadura ezegokian gidatzen zuenean.

Azken 25 urteetan zirkulazio-istripuetan Iruñean zendutako pertsonen bilakaerak, erakusten du 2005etik aurrera maila bat behera egin duela biktima kopuruak. 1993tik 2005era arte hiriko errepideetan, batez beste, 9 lagun hil ziren, zenbait urtetan 12 eta 14 biktima ere izan zirelarik (1995 eta 2001 urteetan, hurrenez hurren). Orduz geroztik, batezbeste 3-4 lagun hil dira urtero, zirkulazio-istripuen ondorioz hildakorik egon ez zen zenbait urterekin, 2009. urtea kasu. 2016an lau hildako egon ziren.

Zauritu larriak mantendu dira eta zauritu arinak murriztu, 2016. urtearekin alderatuta Larriki zaurituen kopurua ia berdin mantendu da aurreko urteari dagokionez (43, 2017an;44, 2016an). Larriki zauritutako 43 lagunetatik 23 oinezkoak izan ziren;11, motor- edo ziklomotor-gidariak;5, ziklistak;eta 4, bidearen beste erabiltzaile batzuk, hala nola beste ibilgailu-mota batzuen gidariak edo hiri-garraioko bidaiariak. Oinezkoen harrapatzeei dagokienez, 11 izan ziren oinezkoendako pasabideetan oinezkoen lehentasuna ez errespetatzeagatik;3, oinezkoek semaforoa gorri zegoenean gurutzatu zutelako;4, horretarako zedarrituta ez zegoen toki batetik gurutzatzeagatik;eta 4, beste arrazoi batzuengatik. Larriki zauritutako 11 motor-gidarietatik 3k ez zuten pasatzen uzteko seinalea errespetatu;beste 3k ez zuten lehentasun generikoa errespetatu (errei aldaketa);2k ez zuten segurtasun-tartea mantendu;eta 3 istripu beste arrazoi batzuengatik izan ziren. Larriki zauritutako ziklista kopuruak behera egin zuen iaz –9tik 5era–. 2 zauritu izan ziren semaforo gorria gainditzeagatik;1, oina lurrean ez jartzeagatik;1, galtzadaren egoera txarragatik;eta 1, lehentasun generikoa ez errespetatzeagatik, kotxe batek erreia inbaditu baitzuen.

Zirkulazio-istripuen ondorioz arinki zauritutakoen kopuruak % 7,3 egin zuen behera: 609, 2016an;565, 2017an, azken hamarkadako kopururik baxuena. Arinki zauritutzat jotzen dira ospitalera eraman eta 24 ordu baino gutxiago bertan ematen dituzten lagunak. Guztira 100 oinezko izan ziren arinki zaurituak;74, ziklista;81 motor- zein ziklomotor-gidari;eta 310, beste ibilgailu batzuetan (turismo-automobilak, autobusak...).

Vianako Printzearen plaza, ezbehar-tasa handieneko puntua

Hirian ezbehar-tasa handiena duten puntuei dagokienez, urteak igaro ahala aldatuz joan dira, Udalak istripu kopurua murrizteko hartu izan dituen neurrien eraginez. 2017an, istripu gehien izan zituen lekua Vianako Printzearen plaza izan zen –baita aurreko bi urteetan ere–, non 47 istripu izan baitziren. Nafarroa Behereko etorbidea, Abejeras kalea eta Azpilagaña elkartzen diren biribilgunean 38 istripu izan ziren;Merindadeen plazan, 34;Nafarroaetorbidearen eta Eneko Aritza kalearen elkargunean, 27;eta Nafarroa etorbidean bertan, La Olivako Monasterioaren kalearekin eta Biurdana kalearekin elkartzean, 26. 20 istripu baino gehiago egon ziren ere Gipuzkoako etorbidea Biurdana kalearekin elkartzen den lekuan, Nafarroa etorbidea eta Sanduzelaiko etorbidearen elkargunean, Nafarroa etorbidearen eta Arcadio María Larraona kalearen elkargunean, eta Bake plazan.

2017an Iruñeko Udaltzaingoak 378 espediente bideratu zituen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. Aurreko urtean baino % 8,6 gehiago. Etilometria positiboek % 6,1 egin zuten gora (242tik 257ra), eta derrigorrezko gidabaimenik gabe gidatzeagatik atxilotutakoak % 22,3 igo ziren (67tik 82ra). Administrazio-salaketak % 5 jaitsi ziren, 2016ko 884etatik iazko 841era. Murrizketa horren arrazoia da alkohol-kontsumoaren ondoriozko salaketek behera egin dutela (796tik 748ra), droga-kontsumoaren ondoriozkoek gora egin duten arren (88tik 93ra). 2017an 22.960 etilometria-proba egin ziren, 2016an baino % 21 gehiago;eta substantzia estupefazienteen 162 proba (% 1,8 gehiago). Globalki jarduteko plana

Arlo horretan, Udala plan global bat lantzen ari da, lau jarduketa-lerrorekin, aldiberekoak eta koordinatuak: azpiegituretan jardutea (zirkulatzeko eta mugitzeko bide seguruagoak);neurri hertsatzaileak ezartzea (kontrolak, abiadurari, alkoholari eta drogei buruzko berariazko kanpainak);bide-heziketa (programa osoak eta bizikletendako programa berriak);eta bide-segurtasunaren kudeaketa, hiria mugikortasunaren eraldaketari bide eta laguntza ematen dioten arauez hornituz, hala nola “30hiria” planaren proiektua bera. Azken hau Mugikortasuneko Ordenantza berrian, Bide Segurtasuneko Planean eta Bidegorrien Planean jasota dago, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (PMUS-HMJP) zirriborroaren ikuspegia eta horizontea kontuan hartuta.

Lehen ekintza-ildoa azpiegituretan jardutea da, oinezkoendako pasabideetan, hain zuzen. Mugikortasuneko lantaldeak oinezkoendako ia 3.000 pasabideen inbentarioa egingo du. Fitxen bidez aztertuko ditu, hartara segurtasun-indize bat eta neurri zuzentzaileak lortzeko. Halaber, oinezkoendako pasabide seguruen katalogo bat sortuko da, halakoak ezartzea errazte aldera. Zentzu horretan, Gómezek adierazi du berehalako jarduketak ikastetxeen inguruetan egingo direla. Berez, jarduketa bat onetsi da jada, Amaiur eta Larraona ikastetxeen inguruko oinezkoendako pasabideetan. Ikastetxe horietan, guraso elkarteekin koordinatuta, eskolarako bide seguruak gauzatzen ari dira. Gainera, beste eskola-gune baten ikerketa hasi da jada, berehala jarduteko. Sagrado Corazón eta Monjardin Lizeoa ikastetxeak dauden ingurunean, hain zuzen.

Zentzu horretan, gainera, seinaleztapen bertikalen inbentarioa egin da, eta zaharkituta edo egoera txarrean zeuden seinaleak ordezkatzen hasi dira. Aldi berean, hainbat kanpainatan bideen seinaleztapena margotu eta birmargotu izan da. “30 hiriaren” aldeko apustua

Bigarren jarduketa-ildoa kontrol-neurriei dagokiena da. Horretan, honako hauek nabarmentzen dira: Udaltzaingoaren plangintzaren barruan, motorren unitatea berreskuratzea, etilometria eta droga-kontrol gehiago egitea, distrazioen zein agirien gaineko kontrolak egitea, motozikletei zein ziklistei kontrolak, etab.;eta jakina, Nafarroan edo estatuan programatutako kanpainak. Halaber, zirkulazioa aginte-zentrotik kontrolatzeko sistema modernizatuko da, Udaltzaingoaren esku jarrita videowall sistema digitala, eta kontrol-kamerak beste modernoago batzuengatik pixkanaka ordezkatuta. Beste radar-kabina bat paratuko da, jada daudenak eta radar mugikorrenak eguneratuko dira, bai eta visualcar sistema ere.

Hirugarren jarduketa-ildoak bide-hezkuntza izango du ardatz. Zentzu horretan, jarraipena emango zaie eskoletako bide-hezkuntzako programei, non iaz 16.383 lagunek parte hartu baitzuten. Aurten unibertsitateekin nolabaiteko harremana abiatu da, bide-hezkuntza esparru horretan ere txertatze aldera. Bide-hezkuntzari buruzko zenbait ekintza egin dira arauak hautsi dituztenendako, bai eta bizikletarekin loturiko bide-hezkuntzari buruzko jardunaldiak ere. Aurten, jarduketa horiekin jarraitzeaz gain, bultzada berezia emango zaie prestakuntza- eta informazio-kanpainei, herritarren kontzientziazioa eta erantzunkidetasuna azpimarratzeari begira eta gidariei, oinezkoei, ziklistei, gurasoei, adineko pertsonei eta desgaitasunen bat duten pertsonei zuzenduak.

Bide-segurtasunaren kudeaketari helduko dio laugarren jarduketa-ildoak, eta hori horrela, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren zirriborroaren esparruan, berriki onetsi den Mugikortasuneko Ordenantza abiatuko da, horren helburuetako bat delarik Iruña "30 hiria" izan dadila.

Herramientas de Contenido