Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Joseba Galarraga | gurenduz euskal kontaketa erotikoen lehiaketako sariduna

“Autoezagutzan dauden pareta emozional eta mentalak hautsi ditut kontaketa erotikoarekin”

Ofizioz ingeniaria bada ere, Joseba Galarraga idiazabaldarrak kontaka eta idazlanen mundua deskubritu berri du ‘Kukua kututu’ lanaren bidez

M. Aranburu - 2018(e)ko otsailaren 6a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Joseba Galarraga

Joseba Galarraga

Galería Noticia

  • Joseba Galarraga

idiazabal- Gurutzeberri baserrikoa da izatez Joseba Galarraga idiazabaldarra. Berrikuntza ingeniaria da ofizioz eta Arratsaten lana egiten du, nahiz eta iazko apirilean guztiz desberdina den beste arlo bat ezagutu zuen: literatura erotikoa.

Baserrikoa eta ingeniaria izanda beste arlo berri bat aurkitu duzula dirudi.

-Bai, hala da. Oso da arlo ezberdina, baina niretzat erronka bat ere izan da. Batik bat gure inguruan ez delako asko hitz egiten gai honi buruz. Bakoitzak bere bizipenak eta bizimoduak ditu, baina bizi garen jendarte eta gizartean horrelako gauzez hitz egitea kostatu egiten da oraindik ere.

Literatura erotikoko lehiaketara aurkeztu eta lehenengo saria eskuratu zenuen. Zergatik erabaki zenuen bertan parte hartzea?

-Egun batean, lanera bidean irratian entzun nion Ziortza Karrantza sexologoari Gurenduzek literatura erotikoaren inguruko lehiaketa antolatu behar zuela eta egia esan ez nuen zalantza handirik izan. Erronka pertsonal moduan planteatu nuen: Hi, Joseba, kontaketa bat dek eta hik euskaraz oso ondo egiten dek. Erronka edo aurrera pauso bat ere badek hiretzat, eta gainera, gaia ere desberdinak dek, erotikoa izan behar dik ipuinak. Beste plus bat zuen horrek, alegia.

Zure ohikotasunetik urrun geldi-tzen den alora landu duzu.

-Hori bera motibazio bat izan da niretzat, hain zuzen, nire ohiko jardueratik aldentzeko aukera eskain-tzen zidan lehiaketa honek eta horrek, nolabait, beste arlo bat esploratzen hasteko gogoa ere eman dit. Hau da, zergatik ez duzu zure lanbidetik oso aldendutako arlo desberdin bat landu behar, normalean inguruak ekartzen dizun horretatik at dagoen beste zerbait egin. Establezitutako orden baten lerroan korronteak eramaten zaituen bidetik zergatik egin behar ditugu gauzak?

Horri kontra egin eta idazteari ekin zenion. Zergatik?

-Bai. Nire buruari esan nion idatzi behar nuela eta hala egin dut. Agian txapelketa bat izateak ere gogo gehiago eman dit, baina idazten hasterako orduan nire burutik pasatu zena izan zen, gehien bat, norberaren autoezagutzan dituen pareta emozional eta mentalak hautsi nahi nituela eta uste dut lortu dudala. Beldur eta inseguridade handiak ditugu, eta askotan kexatzen gara kanpoko gizarteaz edo eskolak ez digula eman beharrezko heziketa sexuala. Hori guztia ondo dago, baina norberak ere ardura bat hartu behar du eta aurre egin, ahaldundu.

Puntu terapeutikoa edo tabuak hausteko balio izan dizu, beraz.

-Puntu hori ere izan du, bai. Gauza askoz ohartu naiz eta nituen usteak alde batera utzi behar izan ditut. Pareta batzuk goitik behera erori zaizkit, zenbaitetan nahi gabe sortutako aurreiritziak ere banituelako. Eta bestalde, erotismoari beste aurpegi bat ere eman nahi nion, horren alboratuta eta zokoratuta dagoen gai bezala. Pertsonen arteko harremantze sanoago baten aldeko apustua ere egiten dut honekin, nolabait nire ekarpen txikia eginez gizarteari.

Kontaketak ‘Kukua kututu’ du izenburu. Zertan inspiratu zara hori idazterako orduan? Bazenuen ideiarik?

-Inspirazio iturri nagusia natura izan da, dudarik gabe. Nekez topo egingo duzue nirekin kalean, mendian, ordea, bai. Kontaketa guztia Nafar Pirinioetako Erremendiako aisialdi gunean kokatzen da, gune hori nire etxea balitz bezala ezagu-tzen dudalako, eta beraz, erraza egin zait hura deskribatzea, oso leku lasaia da. Horrez harira josi nuen kontaketa eta bi pertsonaia nagusien topaketa erotikoa egituratu nuen, Amaia eta Joxerena, hain zuzen. Alde batetik, alde imajinarioko nire bizipen erotiko, sexualak daude, ideia multzo eta bizipen mordoxka bat, eta beste aldetik, lekuaren ezagutza. Bi puntu horiez gain, hirugarren puntu bat ere badago: bizitza honetan egiten diren galdera unibertsalak, nondik nator, nora noa, zertarako... horiek biltzen saiatu naiz kontaketan.

Hasieran Amaia bakarrik dago eta ondoren Joxek ere badu bere tartea.

-Bai, lehenbizi pertsona batek bere buruarekin duen harreman erotikoa azaltzen da eta gero bi pertsonen artekoa.

Aurretik inoiz horrelako ezer ida-tzi gabe zeuden, ez gai honen inguruan ezta beste baten inguruan ere. Poza hartuko zenuen irabazlea zinela jakin zenuenean, ala?

-Halaxe da bai. Idaztea ez zait inoiz asko gustatu izan baina euskara batuan idazteko erraztasuna badut eta asko idazten dut, baina ez artikuluak, liburuak... nik euskaraz pentsatu, sentitu eta hala bizi dut. Nire zelula bakoitzak euskaraz pentsatzen du eta ez dakit, ez dit izugarrizko esfortzua eskatzen horrek. Finean, hau da kontaketa soil bai, goiz batean horren berri izan eta bide eman diodana. Sariak, noski, poz handia eman dit. Deitu zidaten esateko kontaketara aurkeztutako lana saritua izan zela, baina ez zein postu eskuratu nuen. Bilbon egindako ekitaldian ohartu nintzen lehenengoa nintzela eta pozik bizi izan nuen, gustura, satisfazio pertsonal bezala.

Gipuzkoatzen

Mendi bat. Ernio, zalantzarik gabe, ezaguna, zein gertukoa bezain magikoa delako eta bertara joatea gustatzen zaidalako.

Hondartza bat. Joateko ohitura handirik ez badut ere, Saturraran.

Paisaia bat. Pertsona zoriontsu bat, basoz, zelaiz eta animaliz betetako leku batean.

Festa edo ekitaldi bat. Bertso saio bat.

Txoko gustukoena. Aizkorri.

Herramientas de Contenido